Mundu bat, hamaika zapore

Zarauzko Hitza 2011ko maiatzaren 2a

Zarauztik mundura eta mundua bera Zarautzen. Herrian bertan geratuta edonora bidaitzeko aukera izan zen atzo Munoa plazako karpan. Laugarren urtez, Udalarekin elkarlanean, kulturen arteko jaia antolatu zuten herrian bizi diren etorkinen komunitateek...

Zarauztik mundura eta mundua bera Zarautzen. Herrian bertan geratuta edonora bidaitzeko aukera izan zen atzo Munoa plazako karpan. Laugarren urtez, Udalarekin elkarlanean, kulturen arteko jaia antolatu zuten herrian bizi diren etorkinen komunitateek. Topagunearen helburua herriko kultura-aniztasuna zabaltzea da eta, bide batez, jatorri askotako herritarren arteko bizikidetza sustatzea. Horren harira, hamaika kolore eta zapore partekatu zuten egun osoan zehar, eta bizilagunek ez zuten elkar ezagutzeko abagunerik galdu, bakoitzaren kultura, janzkera, folklorea eta, nola ez, gastronomiaren bitartez.
Zarauztik Mundura egitasmo sendo bihurtu da. Aurten, gainera, aurreko edizioetan baino herrialde gehiagok hartu dute parte: Peru, Brasil, Nikaragua, Guatemala, Kolonbia, Mendebaldeko Sahara, Bolivia, Errumania, Maroko, Senegal, Txile, Argentina eta Dominikar Errepublika, besteak beste. Bakoitzak bere postutxoan, batzuk jantzi tradizionalak soinean, beren ohiko jakiak nahiz edariak jarri zituzten dastagai. Hauek ilusio handiz eta harrotasunez prestatu zuten guztia, zarauztarrek beren jatorria eta herrialdea ezagutu zezaten. Eta erantzuna ezin hobea izan zen; etengabeko bisita izateaz gain, jendeak jakin-minez hartu zuen parte festan.
Gastronomiaz gain, tokian tokiko folklore ikuskizunak taulauratu zituzten jardunaldian: Boliviako eta Txileko dantza, Argentinako tango eta Brasilgo kapoeira erakustaldiak, esaterako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide