Landare zaleek hitzordu berezia izan dute asteburuan Pagoetako Parke Naturaleko Iturrarango Lorategi Botanikoan. Bederatzigarren aldiz, Landare Berezien Azoka ospatu dute, eta antolatzaileek adierazi dutenez, 7.000 lagun inguru elkartu dira "urtez urte egonkortzen eta indarra hartzen" ari den azokara. "Aurreko urteetan 9.000 lagun inguru bertaratu izan dira. Aurten pertsona gutxiago joan badira ere, saltzaileak gustura daude izan duen harrerarekin, eta oro har balorazio positiboa izan du", jakinarazi du Amaia Agote antolatzaileak.
Ohi bezala, larunbatean bildu zen pertsona gehien azokan; "10:00etan ireki genituen ateak, eta ordu erdi lehenago lagun talde bat zain zegoen atarian, euren landare kuttunenak erosteko zain. Sekula baino goizago joan ziren, eta poztekoa da hori". Antolatzailearen arabera, orduan saldu zituen landare gehien; "urtez urte ohartu gara larunbatean azokara joaten direnak landareak erostera joaten direla. Igandean, aldiz, batez ere eguna pasatzera joaten dira".
Aurten aurreko urteetan baino astebete beranduago egin dute azoka, eta horrek ekimenak izan duen harreran eragin du. "Igandean, maiatzaren 1a izanik, ospakizun eta ekitaldi batzuk izan ziren inguruan. Hori hala, beste urteetan baino lagun gutxiago joan zen egun horretan. Hala ere, izugarri saldu da bi egunetan".
Aurtengo edizioa 45 mintegik osatu dute. Antolatzaileen esanetan, aurreko urteetan ere "antzeko parte hartzea" izan ohi du.
Mundu herrialde desberdinetako landareak izan dira salgai eta erakusgai bi egunetan. Mintegi bakoitzak landare Azokara hurbiltzen direnek "mota guztietako" landareak erosi ohi dutela adierazi dute antolatzaileek. Azokako eskaintza zabala kontutan izanik, Agotek aitortu du egun Landare Berezien azokak "publiko fidela" duela.