Atzo Zumaian gertatu zitzaidana kontatzeko aprobetxatu nahi dut Baleikeko txoko hau. Azkoitiarrak gara eta tarteka egin ohi dugun bezala, arratsalde pasa joan ginen Zumaiara. Umeekin barrakatan ibili eta gero, trago bat hartu eta Amaia Plazako haur-parkera joan ginen, 18:30k aldera. Beti egin ohi dugun moduan, umeen karroa txoko batean utzi, konfidantza osoarekin, eta umeekin jolasean hasi ginen. Halako batean, nire semearen umeen karrora begiratu nuen eta neska bat ikusi nuen, haur txiki batekin, karroaren poltsaren ondoan. Ez nuen aparteko ezer ikusi, baina neskaren keinua arraroa iruditu zitzaidan. Segituan alde egin zuen karroaren ondotik. Keinu hari hain arraroa iritzita, karrora hurbildu nintzen eta poltsan begiratu nuen, eta hara nire ezustekoa: kartera lapurtu zidan. Berehala nire bikotekideak oihu bat egin zion eta ni atzetik joan nintzaion lasterka. Kartera lapurtu zidala esan nion; besotan zuen haurtxoaren azpian gordeta zeukan eta berehala eman zidan eskura. Barkamena eskatu zigun behin eta berriz, eta gure harridurarako, parkean bertan jarraitu zuen haurrarekin jolasean.