Antxon Mendizabal Mendi eskultore, tailugile eta margolariaren Balea eskultura jarri dute ikusgai Orioko kultur etxeko sarreran. Lan berriaren bidez, Balearen Egunaren harira, ekarpen berezi hau egin nahi izan du eskultore oriotarrak.
Bi metro luze eta berrogei zentimetro zabal den lan abstraktu bat da, eta datorren hilabeterako, Balearen Egunerako, Mendik baleari egindako omenaldi xumea da. Egun horretan artisau azokan parte hartuko du.
Horrela azaldu ditu artistak lanaren nondik norakoak: Geometria abstraktu batetik abiatuz, figuratibismo eskultoriko baterako ibilbide arrazoitua da. Balearen harrapaketan oinarritutako eskultura da: Giza ahaleginaren (heltzen duen eskua), espazioaren (itsasoa, haizea) eta metodoaren (trainerua) ikuspegitik hartua beti ere. Balearen isatsak eta bertan tinkaturiko arpoiek ordezkatzen duten bilakaera nabarmenean amaituz. Haizearen eta itsasoaren etenek itxuratzen dituzten espazio geometriko hustuak, hutsune lerrozuzenekin etengabe jolasean, etengabe solasean.
Oriotar guztiak gonbidatu nahi ditu eskultoreak lana bertatik bertara ikustera.