
Zumaiako San Juan Egoitza Udalarena izan da betidanik, baina EAEko gizarte zerbitzuen lege berriak dio titulartasuna aldundiei dagokiela. Eskualdaketa jadanik adostuta dago Gipuzkoan, eta Zumaiaren kasuan San Juan Egoitza itxi egingo da. Bertako langileak kezkatuta daude beren lanpostuen etorkizunarekin. "Badakigu Udala, Aldundia eta Otezuriko gerentea negoziatzen ari direla gu Otezuriko lan taldean sartzeko, baina ez digute informaziorik ematen eta egoera ez dugu batere garbi ikusten. Alde batetik, denontzat lana egongo al da, kontuan hartuta han jadanik lan talde bat dagoela? Bestetik, guk ditugun baldintzak errespetatuko al dira?". Ziurgabetasun egoera hori salatzeko konzentrazioa egin dute gaur eguerdian, Alondegiaren parean.