Udaberrian Udal berria lelopean aurkeztu du Bilduk maiatzaren 22rako hauteskundeetarako zerrenda. Beñat Solaberrietak gidatuko duen 16 laguneko zerrenda EAko militantez eta herritar independentez osatua izango da, guztira 16 lagun.
Nagore Rementeria kazetariak aurkeztutako ekitaldia hauteskunde hauetarako herriko musikari eta bertsolariek propio prestatutako abestiari Orioko irudiak jarriz egindako bideokliparekin eman diote sarrera. Ondoren, zerrendako hainbat kidek hartu dute hitza.
Bilduren zerrendan bigarren izango den Jon Agirresarobe Torrotxo-k hartu du hitza lehenengo eta gaur egun Udala herritik urruti dagoela esan du, eta hauteskunde zerrendetan berriak izan arren herriko taldeetan arituak direnez, ikusi dutela nola aritu den Udala. Beraz, udaletxera aire berria ekartzeko prest gaude, hori guztia indar metaketatik abiatuta. Koalizioa sortzeko nazio mailan alderdiek egin duten irakurketa eta herrian aldaketarako dagoen ilusioak espektro politikoaren erdigunera eramango du Bildu, aipatu du Torrotxo-k.
Bixente Lasa, gaur egun EAko zinegotzi dena, laugarren tokian egongo da datozen hauteskundeetarako zerrendan. Udalean ezker abertzaleko jendearekin azken urteotan lan egin duela azaldu du eta aurrerantzean ere elkarlanean aritzeko prest dagoela: gazte jendea dago taldean eta guk ikasitakoa erakutsiko diegu haiei; haien indarrak, berriz, gu indartuko gaitu.
Amaia Dorronsorok Ongizate arloaren garrantziaz hitz egin du. Bosgarrena da Bilduren zerrendan eta azaldu du nola herritarrek maiz ez daukaten ongizate gaien berri. Beraz, ongizatean lanean diharduten hainbat herritarrekin lanean ari dira diagnosia egin eta ekintza plana eratzeko. Baliabide tekniko eta materialak egokitu behar dira; herritarrei dauden aukerei buruzko informazioa eman, besteak beste diru laguntzen inguruan; eta elkarlanean sinetsi. Bi hitzetan, bulego herrira ireki behar da.
Ekiñe Saizarrek hirugarren tokia izango du zerrendan eta pertsonak kontuan hartzearen garrantzia azpimarratu du: zubiak eraiki behar dira pertsonatik pertsonara. Hezkuntza izan du hizpide eta hezkuntza eragileen arteko komunikazio falta hausteko hezkuntza kontseiluaren beharra hartu du ahotan. Bestalde, gaineratu du herritarrek aukeratzen dutela zein hezkuntza modu nahi duten beraien umeentzat. Orion bi aukera daude eta herriak nahi badu hala segituko du, baina guk Ikastolarekin Udalak zuen hitzarmena gauzatzeko eta egonkortzeko egingo dugu lana.
Torrotxo-k hartu du berriz hitza eta kulturaz eta hirigintzaz aritu da. Orion kultur arloan dagoen mugimendua herriko jendeak lan egiten duelako dela esan du, beraz, kultur eragileak mimatu behar direla eta kultur mahaia sortu, baliabideak aztertu eta optimizatu eta kultura plana eratu. Kultur ekipamenduaren harira nahikoa areto badagoela eta daudenak modu egokian erabili eta zaindu behar direla berriei begira jarri beharrean. Kultur eraikinen inguruan ez ezik herriko beste eraikinei buruz ere aritu da, etxebizitza hutsei buruz besteak beste. Horren harira esan du plan orokor berria egiterakoan parte hartze handiagoa beharrezkoa dela.
Azkenik Beñat Solaberrieta alkategaia igo da taula gainera eta alkateak nolakoa izan behar duen esan du hitz gutxitan: Alkatea gertukoa izan behar da;alkateak herria eta herritarrak ezagutu behar ditu; alkateak kritikak jaso eta egin behar ditu; eta alkatea parte hartzailea izan behar da, ekintzailea. Orioko alkate berri izateko gogoz agertu da Beñat Solaberrieta: ilusioz eta pilak kargatuta nator, zuen alkate berria izango naiz.
Orioko agenda politikoan orain arte lehentasunik izan ez duten gaiak txertatzeko beharra ikusi du Solaberrietak: Euskarak, ingurumenak, kultur aniztasunak eta parekidetasunak kartera eta erabaki guztietan presente egon behar dute, ezin dute sail batean isolatuta egon.
Proiektuak gauzatzeko diru iturrien bila jo arren, diru laguntzak ez dira edozein baldintzetan lortuko azaldu du zerrendaburuak. Baldintzak aurrez aztertu eta herriari azalduko zaizkio. Herrian baliatzeko moduko elementu asko daudela sinistuta gaude, baina Orioren nortasuna eta izaera galdu gabe saiatuko gara Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean finantzazioa aurkitzen.
Kolore eta sentsibilitate ezberdineko jende langilea daukagu taldean arloz arlo edukiak kontrolatzen dituen taldea eta orain arteko lan eta arduretan kudeaketarako gaitasun handia erakutsi duena, esan du alkategaiak. Inprobisaziorik ez dutela egingo, lau urterako proiektua idatzia dutela eta kudeaketa erabat trasparentea egingo dutela.
Zerrenda 16 lagunek osatu dute. Fabrikako langileak, irakasleak, kirolariak, erretiratuak, herrian berriak direnak, lehen sektoretik bizi direnak… Honakoak dira zerrendako kideak:
- Beñat Solaberrieta
- Jon Agirresarobe
- Ekiñe Saizar
- Bixente Lasa
- Amaia Dorronsoro
- Itziar Barrenetxea
- Mikel Makazaga
- Olatz Olariaga
- Luis Jabier Amenabar
- Maria Illarramendi
- Manuel Lasarte
- Koldo Arruti
- Gurutze Yarza
- Joseba Andoni Arrizabalaga
- Eider Goiburu
- Txomin Eizagirre
Bilduren esanetan, gaur egun ez dira proposamenak berdintasunez lantzen Udalean. Egokiak diren ala ez aztertu baino nork proposatu duen begiratzen da. Aurkezpenean proposamen zehatzak aurkeztu ditu Bilduk: besteak beste adinekoentzako egoitza, Orioko Ikastolarekin hitzarmena, autonomo edo enpresari hasi berriek bulegoak muntatzeko lokal bateratua eta aholkularitza, gastronomian bakarrik oinarrituko ez den turismo plana, haur parke estalia eta kultur batzorde berregituratua.