Goizaldean pasatuko da Korrikaren hamazazpigarren edizioa eskualdeko kostako herrietatik, eta lasterketari ongi etorria emateko hasi dituzte ospakizun festak dagoeneko. Getarian ehunka umek Korrika Txiki egin dute kaleetan zehar, eta ondoren, gaztetxoek txistu emanaldia egin dute plazan. Halaber, getariar ugari hurbildu da berdura plazan egin duten herri bazkarira.
Zarautzen, bestetik, herri bazkaria egin dute Munoan, baina lehenago txistulariak aritu dira kaleak girotzen. Arratsaldean, txalaparta emanaldia eta poteoa egingo dute, eta gauean kontzertuak izango dira.
Orion ere festa da nagusi egunean zehar; Satotxa sagardotegian bazkaria egin dute herritarrek, eta gauean bertso lehiaketa egingo dute herriko tabernetan. Zumaian, bere aldetik, arratsaldean hasiko dituzte ospakizunak; pailazoen emanaldia izango da 18:00etan Amaia plazan, eta iluntzean poteoa egin ondoren, gauean kontzertuak izango dira, gaztetxean.
