Sei hilabetez lanean jardun ondoren, aurreikusitako epeak bete eta Aste Santurako irekiko dute Txanka eta hondartza arteko errepidea: bihar bertan, apirilaren 16an, oinezkoentzat zabalduko da; eta astelehenetik aurrera, ibilgailuak ere hartuko ditu berritutako bideak.
Zabaldu eta leundu
Mariezkurrena enpresa arduratu da obrak egiteaz eta lanik garrantzitsuena errepidea zabaltzea izan da. Lanak egin aurretik sei metroko zabalera zeukan bideak eta Udalak zazpi metrora zabaltzeko lurrak erosi zituen.
Bestalde, errepidearen trazatua ere aldatu egin dute, hondartzatik Txankarako noranzkoan dauden lehen bi bihurgune estuak leundu eta traba edo zailtasunak arintzeko.
Horrez gain, oinezkoak ere hartu dituzte kontuan errepidea konpontzerakoan; izan ere, bide-bazterrean babestutako bidea egin dute, asfaltatua eta argiztatua. Autobide ondoko biribilgunetik Anduko bidegurutzera 1,40 metrokoa izango da eta bidegurutzetik hondartza aldeko espaloira bitartean bi metro zabalekoa.
Autobide-erabiltzaileek Txanka eta hondartza arteko bidea Orioko sarrera-irteera gisa erabiltzea da berritze lanen helburuetako bat, horrela, herri barruko zirkulazioa arinduko delako.