Erreboiloaren Festako txartelen erdiak salduta daude dagoeneko

Karkara.eus 2011ko api. 14a, 12:26

Maiatzaren 6an eta 7an izango da 'Orio Estilora'ren baitako hirugarren jaialdi gastronomikoa

Gaur bertan, apirilaren 14an, aurkeztu du Jon Redondo Orioko alkateak maiatzaren 6an eta 7an izango den Erreboiloaren Festa. Pilliku plazan bildu dira, beste...

Maiatzaren 6an eta 7an izango da 'Orio Estilora'ren baitako hirugarren jaialdi gastronomikoa

Gaur bertan, apirilaren 14an, aurkeztu du Jon Redondo Orioko alkateak maiatzaren 6an eta 7an izango den Erreboiloaren Festa. Pilliku plazan bildu dira, besteak beste, alkateaz gain, festako protagonistak izango diren hiru parrilleroak (Luis Mari Uranga, Mikel Manterola eta Joxe Migel Zendoia), erreboiloa nola prestatzen den erakusteko. Joxe Mari Illarramendik diseinatutako erreboiloa egiteko sare bereziak ere aurkeztu dituzte, gainera. 40 sare prestatu dituzte festa egunetan arraina parrillan egiteko eta behin festa bukatuta, herriko elkarteei banatuko zaizkie sareok.

Bisiguaren eta Txuletaren Festen moduan, jatetxe erraldoi bihurtuko da bi egun horietan Orioko plaza: afaria izango da maiatzaren 6an eta bazkaria eta afaria 7an. Hasiera batean, 450 lagunentzako tokia aurreikusi du Udalak, baina Redondoren hitzetan, txartelen erdiak salduta daudela ikusita, baliteke 600 mahaikide hartzeraino iristea. Orain arte oriotarrek bakarrik izan dute txartelak erosteko aukera; hemendik aurrera baina, kanpotarrei ere emango zaie Erroboiloaren Festako menuaz –foie, txangurro entsalada, arrain zopa, erreboiloa parrillan eta postrea, Gailur ardoarekin, Ulacia txakolinarekin, Insalus urarekin edota Saizar sagardoarekin lagunduta; kafea ere izango da– dastatzeko aukera. 45 euro balioko du txartel bakoitzak. Interesa duenak Turismo Bulegora –943 83 09 04 telefono zenbakira– deitu beharko du, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Jatorduez gain, bestelako ekintzak ere izango omen dira Festaren baitan: olagarroa, taloa, txangurro papurtua, bakailaoa… erosteko aukera izango da bai ostiralean –maiatzaren 6an– eta baita larunbatean ere.

Bisiguaren ondoren, sonatuena

Erreboiloaren Festaren zergatia azaldu du aurrena Jon Redondok prentsaurrekoan. Bere hitzetan, Bisiguaren Festaren oihartzunak jendea erakarri du herrira eta Euskal Herriko parrillerorik onenak etxekoak direla kontuan hartuta, arraina eta parrilla uztartzeko aukera ona iruditzen zaio: Urangaren, Manterolaren eta Zendoiaren hitzean, bisiguaren ondoren, erreboiloa da gurean arrainik sonatuena eta arrain zapal hori famatzeko prest agertu ziren.

Bisiguaren Festa uztailean egiten denez, eta arrantzaleak itsasoan direnez, Erreboiloaren Festa maiatzean, arrantzaleak lehorrean daudenean, egitea erabaki dutela ere adierazi du alkateak.

Bide batez, 2011. urteko Bisiguaren Festa eta Txuletaren Festa noiz izango diren ere aurreratu du Jon Redondok: uztailaren 14tik 17ra izango da aurrenekoa, eta irailaren 30ean eta urriaren 1ean bigarrena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide