Donostian egin du azken bilera Anadir elkarteak. Aurreko hamarkadetan ospitale eta kliniketan haur jaioberriak lapurtu zizkietela uste duten guraso eta senitartekoek osatzen duten elkartea da. Umea hil egin zela esaten zieten ama erditu berriei, eta ospitalea bera arduratuko zela haurra hilobiratzeaz eta tramite guztiez. Salatutako kasuetan, txosten edo agiririk eta hilotzik ez zuten entregatu inoiz ospitale eta klinika horiek. Euskal Autonomia Erkidegoan salaketak gehituz joan dira azken hilabeteetan, eta Donostian eskualdeko lagun asko elkartu zen joan den astean. Besteak beste, han izan ziren Azkoitiko Teodoro Ruiz Naparra, Orioko Dorita Ferrin, Zarauzko Maite Bastos eta haren ama, eta Zumaiako Mertxe Aizpurua. 1957-1958 urteetan lapurtu zizkieten ustez seme-alabak edo anai-arrebak askori; 1970eko hamarkadako kasuak ere badaude, ordea.
Pauso txikiak
Gertaerak argitze bidean, historial klinikoak eskuratzea zen aurreko asteko Donostiako ekimenaren helburua. Izan ere, kasu askotan jada desagertuta dauden ospitale eta kliniketan jaio ziren haur horiek. Eta familiek ez dute umea jaio zela dioen inongo txostenik. Paper horien bila dabiltza, eta txostenok edo horien berri Donostiako Gizarte Zerbitzuen Txara egoitzan emango zietela uste zuten. Baina esku hutsik itzuli behar izan zuten etxera 50 lagun inguruk: «Alde batetik bestera eraman gaituzte, baina guk salaketak eta eskaerak egin ditugu, eta hortik aurrera abokatuen eta fiskalen lana da hau guztia argitzea», adierazi zuten Anadir elkarteko arduradunek.
Antzeko istorioa dute kontatzeko guztiek eta, elkartearen babesean, gertaturikoa argitzeko gogotsu daude denak. «Garrantzitsua da herriko jendeak jakitea hau gauza serioa dela, ez foiletoi bat», dio Maite Bastosek: «Hau trama bat da». Ruiz ere iritzi berekoa da: «Hau mafia da». Eta Aizpurua haratago joan da: «Italiako mafia motz gelditzen da honekin alderatuta». Argi dute euren anai-arrebenak eta seme-alabenak ez zirela gertaera isolatuak izan, «lapurreta sistematikoak» baizik. Horregatik elkartu dira, dena argitu nahi dutelako. Bastosek Argentinako haurren bahiketekin alderatu ditu Euskal Herrian eta Espainian pasatutakoak: «Argentinan ere gertatu zen antzeko zeozer. Denok esan genuen zeinen gaiztoak ziren, baina hemen ere gauza ber-bera gertatu da. Hauek ez dira argentinarrak, ordea; bertakoak dira. Larria da hau. Hangoa hirugarren munduko zerbait zela iruditzen zitzaigun; baina hemen bertan gauza bera egiten ari ziren, denen isiltasunaren aurrean. Han gerrako trama bat izan zen, baita hemengoa ere, baina gero gerraostera luzatu zen. Negozio galanta izan zen».
Alderdiak, «pasibo»
Donostiako bileraren erdian, Mertxe Aizpurua izan da Hitza-rekin hitz egiten lehena. Ahizpa falta du zumaiarrak. Ez daki ziur zein urtetan izan zuen haurra bere amak: «1958-1959 urteen artean izan zela uste dugu». Gainerako anai-arreba guztiak etxean izan zituen amak. Hura Donostian eduki, eta umerik gabe itzuli zen etxera. Anai-arrebetan txikiena izango litzateke. Umea barrua osatu gabe jaio zela esan zioten Aizpuruaren amari, eta hil egin zela. Ospitalea bera arduratu zen haurra hilobiratzeaz eta paper-kontu guztiez. Ez zuten ezer txarrik pentsatu, orain arte: «Eserita telebista ikusten ari nintzela, lapurtutako haur jaioberrien kasu baten eta bestearen berri entzun nuen, baina artean ez nintzen konturatu ezertaz. Gero, gure kasua beste batzuen berdina zela ikusi nuen», adierazi du Aizpuruak. Anadirren telefonoa prentsan ikusi, deitu eta gertaturikoa kontatu zien. Eta horregatik izan da Donostian: «Gure kasua susmagarria dela esan zidaten, eta horregatik hasi naiz hemen. Eskerrak eman behar dizkiot elkarteari».
Elkartekoengandik informazioa jaso eta beste biktima batzuen kasuak entzun ondoren, argi du gertaera larrien aurrean gaudela, eta kritika gogorrak egin dizkie politikariei: «Hau terrorismoa dela uste dugu, serioa gainera, eta alderdi politiko bakar batek ere ez du oraindik ezer galdetu; ez da inor kezkatu. Ezker Batua-Berdekoek zeozer esan dute, azalekoa izan bada ere, baina konpromisorik ez du hartu inork. Inork ez digu lokalik eta laguntzarik eskaini, informazio eske joaten garenean inork ez gaitu babestu, tratu ona eman diezaguten inork ez du ezer egin. Zergatik ez dute trama honetan sartu nahi?». Alderdi guztien «pasibitatea» salatu du Aizpuruak.
Haur haiei «egia esatea»
90 urteko amarekin izan da Donostian Maite Bastos. Denek kontatzeko antzeko istorioa dutela uste du. Beste askoren kasuan bezala, 1957-1958an jaio zen Bastosen senidea. «Ekainaren 27an izan zen, baina urtearekin zalantza dugu». Donostian, Ategorrietan zegoen 18 de Julio klinikan izan zuen haurra bere amak: «Umea jaio eta pixka batera amari esan zioten hil egin zela. Ez zioten haurra erakutsi nahi, baina bera egoskor jarri zen, eta azkenean mojek ume bat eraman zioten, ondo-ondo estalita. Muxu bat ematen utzi zioten, baina segundo batez bakarrik. Amak beti esaten zuen umea polit-polita zela, kolore gorri-gorriekin. Lo zegoela zirudiela». Baina inoiz ez zuten pentsatu agian haur hura bizirik egon zitekeenik.
Klinikakoak egin ziren kasu hartan ere haurra hilobiratzearen kargu. Gaur egun desagertuta dago ospitalea, eta haur hura jaio zela dioen paperik ez du Bastosen familiak: «Badakigu haur horren gorpurik ez dagoela hilobiratuta Polloen eta Altzan. Horren paperak baditugu, baina amak ume hori izan zuela dioen ezer ez dugu; ez dago halakorik Erregistro Zibilean; ez dago historial klinikorik… Horregatik etorri gara hona, presio pixka bat egitera eta esatera paper horiek nonbaiten egongo direla. Eta norbaitek ez badu ezer esan nahi, zerbait ezkutatu nahi dutelako izango dela. Paper horiek bilatu egin behar dira».
Elkarteko gainerako kideek bezala, Bastosek ere argi du trama bat izan zela gertaturikoa. 1936ko gerrarekin hasitako kontua dela uste du zarauztarrak: «Kartzelan zeuden emakumeei haurrak kentzen zizkieten. Martxan zen trama, eta instituzionalizatuta zegoen. Gero, jarraitu besterik ez zuten egin, orain gutxi arte, gainera. Lapurreta sistematikoa izan zen, Elizaren eta agintarien oniritzia zuena».
Bastosek ez du jendearen errukirik nahi: «Orain ez dugu jendearen pena behar. Nahi duguna da jendea ohartzea garai haietan eta duela gutxi arte haurrak lapurtu zituztela, zigorgabetasun handiarekin. Bitartekoak behar ditugu, instituzioak esnatu eta mugitzea; lagun diezagutela. Hori da orain behar duguna; agiriak aurkitzen laguntzea».
Ustez euren gurasoei lapurtu zizkieten haur haiei egia jakinarazi nahi diete elkartekoek. Egia zor zaiela uste dute: «Pertsona horietako bakoitzak jakin dezala lapurtu egin zutela, eta ama biologikoak ez zuela bazterrean utzi; bere ama ez zela puta bat. Garai hartan adoptutakoei hori esaten zieten. Jende askok pentsatuko zuen bizitza osoan zehar ‘Nire amak zergatik abandonatu ninduen? Zergatik egin dit hori?». Gezur horri eustea ez da onargarria Bastorentzat.
«Diruaren truke»
«Diruagatik, diru askogatik» lapurtu zituzten haurrak Teodoro Ruizen ustetan. Euren arreba aurkitzeko lanetan, Ruizen beste senide bat aritzen da normalean, bere arreba bat. Baina oraingoan berari egokitu zaio Donostira hurbiltzea, eta buru-belarri egon da han esan dutenari kasu egiten. Ruiz eta bere anai-arreba guztiak etxean jaiotakoak dira, bat izan ezik: «Bakarra izan zuen amak ospitalean, eta bera lapurtu», dio. Erditze haren inguruan gauza arraroak gertatu zirela uste dute Ruizek eta bere amak: «Emagina amarekin joan zen Azkoititik Donostiko 18 de Julio klinikaraino, eta hori arraroa iruditu zitzaion gure amari ere. Ez zuten halakorik egiten emaginek». Emagin hark bere arrebaren desagerketan zerikusia izan zezakeela uste dute.
1957-1958 urteen artean izan zuen haurra Ruizen amak. Gero hil egin zela esan zioten. Bastosen eta Ruizen kasuak garai berekoak eta klinika berekoak dira. Gertaera ere, antzekoa izan zela esan dute biek. Dokumentazio bila dabil Ruiz ere, gauzak argitze bidean aurrera egiteko asmoarekin.
«Beti izan dut kezka»
Semearen bila ari da taldeko bosgarren kidea, Dorita Ferrin oriotarra. Bigarren haurra zuen hil egin zela esan zioten hura. 1970 urteko abuztua zen. Bere ustez 8 hilabeteko zegoen erditu zuenean. Ospitalean esan ziotenez, berriz, 6 hilabeteko zegoela izan zuen umea. Txikia zenez, inkubagailuan sartu zutela esan zioten. Hurrengo egunean, berriz, hil egin zela: «Gauza arraroa izan zen, baina ez genuen uste mojek gezurrik esango zutenik. Gauza guztietaz haiek arduratuko zirela esan ziguten, eta orain Polloera joan garenean, esan digute ez dagoela han bere gorpua. Horregatik, bila hasi gara».
Eskualdeko gainerako kideak bezala, dokumentu bila dabil Ferrin. San Juan de Dios ospitalean izan zuen haurra. Oraindik existitzen da klinika hori, baina berak zuen seguru partikularrak jada ez du han lan egiten, eta dokumenturik ezin izan zioten eman klinikan. Erresidentziara jo zuen ondoren, eta han bai, han eman zizkioten paperak. Hala ere, oso susmagarriak zirela esan zioten elkartean: «Han emandako informeak oso arraroak dira. Ez daude sinatuta. Jaio eta egun batzuetara hil zela jartzen du, baina ez du zehazten zein egunetan jaio eta zeinetan hil zen. Inkubagailuan egon zela baino ez dute aipatzen txostenean, eta kezka horrekin gaude». Ez dago Polloen hilobiratuta, eta Erregistro Zibilean ere ez da ezer agertzen, 1975etik ondorengoko datuak daudelako han. Ia guztiek arazo bera dute Erregistro Zibilari dagokionez.
Semea aurkitzea zaila izango dela dio, «esperantza beti izan arren». Hain zuzen ere, Ferrinek DNA probak egiteaz gain, bere semeak ere egin egin beharko lituzke. «Baina horretarako nire semeak jakin egin beharko luke adoptatu egin zutela».
Tristura eta esperantza, biak biltzen dituzte nahasian oriotarraren begiek: «Nik beti izan dut semea bizirik zegoen kezka. Egia zein den jakin nahi dugu». Baina ezkortasuna ere hor dago: «Zaila izango da. Orain arte egon gara, eta segi egin beharko dugu».
Gertaerak jazo zirenetik aurreneko salaketa argitara eraman dutenera arte urte asko igaro dira. Familiek isilik, eta bakardadean eduki dituzte orain arte kezkak, beldurrak eta zalantzak. «Agian gizarteak pentsa dezake paranoiko talde bat garela, orain hasi garelako salatzen haurrak lapurtu zizkigutela. Badirudi bat-batean sortu zaigula kezka. Baina jakin dezatela kezka hau benetakoa dela. Oso serioa dela, hemen sartu bagara oso seguru gaudelako dela, bestela ez ginatekeela endredu honetan sartuko, etxean lasai geldituko ginatekeela, tripa jan gabe».