Orio Estilora! On Egin! jardunaldi grastonomikoak eta Erreboiloaren Festa aurkeztu ditu gaur Jon Redondo Orioko alkateak. Joxe Migel Zendoia, Luis Mari Uranga eta Mikel Manterola parrilleroek erreboilo pintxoak egiten zituzten bitartean adierazi du Redondok maiatzak 6 eta 7an ospatuko dutela festa.
Hasieran bisiguaren txanda izan zen; ondoren, txuletarena. Orain, berriz, erreboiloarekin "eskaintza zabaltzea" erabaki dute. Estreineko aldiz ospatuko dute erreboilo eguna, eta antolatzaileek Bisiguaren Festa eta Txuletaren Festaren "arrakasta" errepikatzea espero dute: "Erreboiloaren Festarekin hiru jaialdi gastronomikoek bat egiten dute; gure eskaintza gastronomikoa osatuko dugu Orio Estilora! marka indartuz. Helburua da Orio parrilaren eta arrainaren erreferente bihurtzea", dio alkateak. Hori hala, beste behin arrain eta parrila uztartuko dituzte.
Bestetik, festa hori antolatzerako orduan herriko arrantzaleak kontutan hartu nahi izan dituzte. "Bisiguaren Festan hegaluzeko kanpainan egon ohi dira arrantzaleak. Arrantzarekin zerikusia duten festa antolatu behar genuela esan ohi ziguten eta horregatik erabaki dugu maiatzean antolatzea festa hori, arrantzaleek ere ospatu dezaten".
Beste behin ere, Orioko plaza jatetxe handi bat bihurtuko dute egun horietan. Bi egunetan hiru otordu egingo dituzte; maiatzak 6ean, afaria egingo dute, eta hurrengo egunean, berriz, bazkaria eta afaria. Antolatzaileek, hasiera batean, 450 lagunentzako prestatu dute festa. Otordu bakoitzerako 150 plaza jarri dituzte, eta dagoeneko eros daitezke horietara joateko txartelak. Joan zen astelehenean jarri zituzten salgai, Turismo Bulegoan. Lehenengo astean herritarrek soilik erosi ahal izan dituzte txartelak, eta datorren astelehenetik aurrera edonork eskuratu ahal izango ditu. Hala ere, Redondok jakinarazi duenez, "lehenengo astean uste baino erreserba gehiago egin dituzte herritarrek". Hori hala, antolatzaileek erreserba txartel gehiago jartzea aurreikusten dute. Otorduetarako izena emateko, 943 83 09 04 telefonora deitu daiteke. Bertaratzen direnek honako menua jasoko dute, 45 euroren truke: foie-gras, txangurro entsalada, arrain zopa, erreboiloa parrilan, postrea eta edaria.
Bestetik, festak irauten duen bitartean, Orioko plazan beste hainbat produktu dastatzeko aukera ere izango da; maiatzak 6ean, esaterako, pulpoa eta talo postuak jarriko dituzte; horrez gain, txangurroa, antxoak, atuna eta bakailaoa jarriko dute salgai.
Erreboiloaren Festa aurkeztean gain, Orioko Estilora jardunaldien baitan egingo dituzten beste bi jaiak ere aurreratu dituzte: uztailak 14tik 17ra bitartean Bisiguaren Festa ospatuko dute; irailak 30etik urriaren 1era arte, berriz, Txuleta Festa izango da herriko plazan.