Grises taldea urterik ederrenetakoa bizitzen ari da, orain arteko ederrena ez bada. Eskualdeko eta Euskal Herriko mugak gaindituta, Espainiako Estatuko zirkuituetan hasi da zestoarren izena bere tokia hartzen.
Urtarrilan Origami diskoetxearekin kontratua sinatu zuten, eta taldekideak «oso gustura» daude harremanarekin. «Oso diskoetxe txikia da. Zazpi talde gaude, baina oso talde politak, independenteak eta interesgarriak», dio Raul Olaizola taldeko baxu-jotzaileak. Horrek berak tratua «oso gertukoa» izatea ahalbidetzen du. Origamik Artica Pro agentziaren esku utzi du manager ardura, eta horrek ere «diskoetxearen alde asko esaten» duela dio Olaizolak. «Ondo zaintzen gaituzte».
Grisesen disko berria, El hombre boligrafo bi aste barru izango da kalean. Grisa ez beste kolore guztiak hartzen dituen disko alai eta indartsua. Dena den, promozio lanetan hasita daude jada, eta Plastico Electrico-ren melodia hasi da jada irratietan entzuten.

Joan den asteburua oso berezia izan da taldekideentzat. Asteazkenean furgoneta kargatu eta Bartzelonara (Herrialde Katalanak) abiatu zen boskotea. Gauean Shout out Louds talde suediarrarekin partekatu zuten oholtza, Kataluniako hiriburuko Apolo aretoan.
Ostegunean Bartzelonan ibili ziren taldekideak. «Egun pasa ederra egin genuen. Izugarrizko giroa zegoen, eta egia esan opor txiki batzuk izan dira», dio Olaizolak.
Hurrengo egunean, ostiralean, Monzonera (Huesca, Espainia) joan ziren. Tremendo Pop jaialdian ziren jotzekoak. Beren lehen musika jaialdi handia. Larunbatean jo behar bazuten ere, bertan izan ziren ostiraletik, beste taldeen kontzertuak entzuten eta kontaktuak egiten. «Horrelakoek asko balio dute beste taldeak ezagutu eta harremanak lantzeko», dio Olaizolak. «Hemengo taldeekin, adibidez, We are standardekin, Deloreanekin edo Columpio Asesinokoekin egon gara».
Larunbat goizaldean, 04:00ak aldera, igo ziren Grisesekoak oholtzara. Eta ez zuten hutsik egin. «Jendea dantzan jarri genuen, eta oso kontzertu ona izan zen». Kritika onik ez zaie behintzat falta, jaialdiko talderik hobena izendatu baitu batek baino gehiagok Facebookeko orrian.
Hurrengo kontzertuak
Behin igota, Grisesekoek ez dute eszenatokitik jaisteko gogorik. Maiatzean Oviedon (Asturias) ariko dira, baita Bilbon eta Madrilen ere. Uztailean dute beste hitzordu garrantzitsua, Aranda de Dueroko (Burgos) Sonorama jaialdian izango baitira.