Igandetan, ordu erdi inguruko emanaldiak egiten zituzten. Horretarako, ordea, inguruko herrietako jendea ekartzen zuen Udalak. Ohitura bihurtzen ari zela, Udalak banda propioa sortzea erabaki zuen. Zuzendaria izendatu zuten lehendabizi: Inazio Etxesortu. Ordiziakoa zen, baina Getariako danbolinero postua betetzen zuen. Ondoren, herritar batzuk egin zuten bat bandarekin. Hala sortu zuten Udal Musika Banda», dio Eneko Olaizola Musika Bandako lehendakari eta kideak.
1911. urtean izan zen hori. Orduan sortu zen Getarian musika banda, eta egun, ehun urte geroago, oraindik bizirik dirau taldeak. «Getaria banda duen Euskal Herriko bigarren herririk txikiena da», diote egungo kideek harrotasunez.
Taldearen mendeurrenean, ehunka emanaldi eta istorio utzi dituzte atzean, baina aurrera begira ere beste hainbat uzteko asmoa dute egun banda osatzen duten 16 kideek.
Duela ehun urte ere 16 kiderekin eratu zuten banda, baina
laster 38 ziren taldean. Orduan, Udalak musika tresnak utzi zizkien kideei, eta igandeko erromeria egiten hasi ziren herriko plazan. 1931ean, berriz, Udal Musika Banda izateari utzi eta Musika Banda izatera pasatu zen.
1936ko gerrarekin desegin egin zen taldea, eta 1949an ekin zion berriz jardunari, Elkano Musika Banda izenpean. Urte batzuetara, ordea, Getariako Musika Banda izendatu zuten. Gaur arte.
Urteak aurrera, egun seinalatuetan kontzertuak ematen hasi ziren, baita beste herrietan ere: «Urtean bi aldiz trukeak egin izan ditugu. Dirua lortzeko asmoz egiten genuen hori, Musika tresnek kostu handia baitute. Azken urteetan, ordea, musika bandek ez dute diru arazorik, eta ohitura galtzen joan da», adierazi du Koldo Manterola lehendakariordeak . Bandako kide izan da azken 20 urteetan.
David Olaskoagak ondo gogoratzen du bandaren ibilbidea.
63 urte ditu bonbardino-jotzaileak, eta bizitza erdia darama
bandan. Egun, taldeko beteranoena da Olaskoaga: «Gaztetan ez nuen denbora libre askorik izaten, baina musika betidanik gustatu izan zait. Ezkondu eta gero egin nuen bat taldearekin. Orduan, ni nintzen gaztena». Azken 30 urteotan, banda «asko» aldatu dela dio Olaskoagak: «Orain, musika desberdina jotzen dugu, modernoagoa. Gainera, egungo gazteak prestatuago sartzen dira taldera. Ikasi egin behar da besteengana ohitzen».

Hasieran herrian jotzen zutela oroitzen du musikariak, baina «Foru Aldundiaren laguntzarekin» kanpora ateratzen hasi ziren, 1992an Sevillako (Espainia) Expoa zapaldu zuten arte. «Hiru egun pasatu genituen han. Herriko hainbat taldek Elkanoren lehorreratzea antzeztu genuen. Horrez gain, bertako pabilioiak bisitatu genituen. Emanaldia eta gero, gogoratzen naiz Euskadiko pabilioiak ez zigula urik ere eman. Hura zen haserrea! Alboan Nafarroakoa zegoen, eta haiekin egin genuen azkenean hamaiketako goxoa».
Sevillakoa ez ezik, beste emanaldi berezi batzuk ere egin ditu bandak. Banda sortu eta urte gutxira, 1918an, Alfonso XIII orduko Espainiako Erregeak Getariara egin zuen bisita, eta bandak hari eskaini zion emanaldia. Hala ere, urteetan zehar herritarrei eskaini dizkieten kontzertu bereziak zenbaezinak dira.
Kideak aldatuz
Hamaika pertsonek zuzendu dute taldea azken 100 urteetan. Egun, Aitor Uriaren gidaritzapean aritzen dira taldeko 16 kide finkoak eta kontzertuetan parte hartzen duten beste hamar gazteak. Kideei dagokienez, berriz, hainbat gorabehera izan ditu taldeak. 80ko hamarkadan izan zituen bandak lagun gehien; 40 kide inguru zituen orduan taldeak.
Azken urteetan kide kopuru gutxiago baldin baditu ere, herrian lehen bezalako garrantzia izaten jarraitzen duela adierazi du lehendakariak: «Inguruko bandetako kideak herrira etortzen direnean, harrituta geratzen dira oraindik orain bandak izaten duen harrerarekin. Herriko jende dezente entzutera etortzen da musika banda ».
Hala ere, dantza egiteko ohitura galtzen joan direla adierazi du lehendakari ordeak. «Lehen dantzagarrien kontzertuak egiten ziren. Baina lan handia da hori, abesti pila bat jo behar baitugu. Badira urte batzuk ez dugula halako kontzerturik egiten». Dantza saioak gutxitu badira ere, oraindik orain lagun gutxi batzuk dantza egitera animatzen direla adierazi dute.
Historia irudiz irudi
Mendeurrena ospatzeko, urte guztian ekitaldi bereziak egingo dituzte. Hurrengo astean, Bandaren historia biltzen duen erakusketa zabalduko dute. Hilaren 21, 22, 23, 24, 25, 30ean eta maiatzaren 1ean egongo dira ikusgai azken ehun urteetako argazkiak edota musika tresna zaharrak, Berdura Plazan. Hilero egingo dituzte ekintza bereziak, eta urte amaierarako historia osoa bilduko duen liburua eta diskoa kaleratzeko asmoa dutela aurreratu dute taldeko kideek.