Gaztetxearen 22. urteurrena ospatuko dute ostiralean

Olatz Prat 2011ko apirilaren 13a

Ostiralean festa handia egingo dute Zestoan, Gaztetxearen 22. urteurrena ospatuko baitute herriko gazteek. Arratsaldean hasiko dute ospakizuna, 18:00etan zertanao.info webgunea aurkeztuz. Ondoren, Zertanao taldeak hainbat herritarrekin egin duen spot-a...

Ostiralean festa handia egingo dute Zestoan, Gaztetxearen 22. urteurrena ospatuko baitute herriko gazteek. Arratsaldean hasiko dute ospakizuna, 18:00etan zertanao.info webgunea aurkeztuz. Ondoren, Zertanao taldeak hainbat herritarrekin egin duen spot-a aurkeztuko dute.
Horren ostean Errefuxa taldea aurkezteko txanda izango da. Zaborraren trataeraren inguruko antzezpen txiki bat egingo dute, «Gaztetxean ibiltzen diren jendeari kontzientzia pizteko asmoz»,  Gaztetxetik adierazi dutenez.

Gauean afaria eta musika
Urtemugako ekitaldi garrantzitsuena 19:30ak aldera hasiko da, patata tortilla lehiaketarekin. Parte hartu behar duten taldeak Kultur Etxe atarian bilduko dira, sukaldeko lanetan hasteko. Sua, gas-bonbonak, olioa eta gatza Gaztetxeak jarriko dituela adierazi dute, «baina taxuzko tortilla bat prestatzeko behar den gainontzeko guztia taldeen esku geratuko da».
Ondoren, noski, afaria egingo dute, eta prestatutako tortillak jateko parada izango dute. Afaria osatzeko sarrerakoak eta edariak ere Gaztetxeak jarriko ditu.
Gauean, berriz, musika izango da nagusi. Old Bridge, In Your Face eta talde sorpresa batek eskainiko dute kontzertua.
Festa antolatzeak hainbat gastu eragiten du eta, horregatik, afarirako eta kontzertuetarako sarrerak jarriko dituzte, 5 euroan.  Dena dela, kontzertuetara soilik joaten direnek 2 euro ordaindu beharko dute.
Antolatzaileek dei egin diete herriko gazte guztiei urtemuga festa honetan parte hartzeko: «Zuek gabe Gaztetxea ez da ezer, animatu eta parte hartu!».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide