Lucia Lakarra dantzariak Dance Openeko ikusleen saria jaso du Errusian

Urola Kostako Hitza 2011ko apirilaren 13a

Lucia Lakarra Zumaiako dantzariak San Petesburgoko (Errusia) Dance Open jaialdian ikusleen saria jaso zuen joan zen astean. Open Dance jaialdiaren hamargarren edizioaren azken saioa egin zuten apirilaren 4an, hiri horretan. Bertan egin zuten Munduko Izarren Gala, eta Municheko Operako Balleteko dantzari nagusiak Thais obra interpretatu zuen. Iaz zumaiarrak Dance Open saria irabazi zuen lan horrekin berarekin. Hori hala, aurtengo edizioan, antolatzaileek hala eskatuta, taularatu zuen pieza hori Lakarrak, konpainia bereko dantzari nagusi Marlon Dinorekin batera. Ikuskizunaren amaieran jaso zuen saria zumairrak, ikusleek bere aldeko botoa eman ostean. Ikuslerik gabe dantzarik ez legokeela adierazi zuen Lakarrak saria jasotzerakoan: «Dantzari batentzat ez dago ezer hunkigarriagorik ikusleen maitasuna eta estimua sentitzea baino. Haien txaloak soilik dira saria niretzat. Eta orain, maitasun horren oroigarri gisa dut saria». Azken aldian beste hainbat sari jaso du zumaiako dantzariak. Iazko urrian, esaterako, Mosku hiriburuko Kremlinen hamarkadako dantzari onenaren saria jaso zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide