«Esku-hartze hutsuneak» izan ditu droga-mendekotasun planak

Urola Kostako Hitza 2011ko apirilaren 13a

Askagintzak, droga-mendekotasunen fenomenoaren normalizazioaren aldeko herri erakundeak, Orioko Udalaren enkarguz, herriko «droga-mendekotasunari aurre hartzeko» herri plana osatu du 2006a eta 2010a artean. Gisa horretako lehen plana izan da Orion. Askagintzako kideek ebaluatu egin dute. Hainbat esparru jorratu du taldeak azterketa egiterakoan; hezkuntza, familia, gazte aisialdia eta komunitate eremuak izan dituzte oinarri. Gazteak ez ezik, helduak eta nerabeak izan dituzte ardatz plana osatzeko. Eta prozesu horretan «hutsune dezente» ikusi dute, parte-hartzeari eta esku-hartzeari dagokionez. «Kontzientziazioa guztion betebeharra da, eta guztion artean osatu behar dugu plana», nabarmendu dute. Hori hala, oraindik landu beharreko «gune asko» daudela adierazi dute: «Gaztetxeak, gaztelekuak, ikastxeak edota lokalak», esaerako. Gazteei dagokionez, haiengana iristeko «zailtasunak» daudela adierazi du taldeak, eta gazte gehiagorengana heltzea «beharrezkotzat» jotzen dute: «Gaztetxean edo gaztelekuan jarduera gehiago antola ditzakegu horretarako; mendekotasunaren inguruko hitzaldiak edota tailerrak egitez, kasu». Gazteekin ez ezik, herriko eragileekiko ere «koordinazioa falta» dutela nabarmendu dute: «Gazteengana irisiteko herriko eragileen beharra dugu. Gazteekin gaia landu nahi badugu, eta haien hezitzaileek ez badute interesik erakusten, horretan sakontzen saiatu beharko dugu. Gazteekin koordinatu ahal izateko eragileek parte hartzea beharrezkoa da». Helduak, gazteen erreferente Azken bost urteetan esparru askotan egin dituzte jarduerak. Haietako batzuk unean unekoak izan dira, baina beste batzuk jarraiak izan dira; hezkuntza arlokoak, esaterako. Horri dagokionean, droga-menpekotasunaren prebentzioa landu dute, eta balorazio oso positiboa egiten dute: «Konfiantza berezia sortu ohi da horrelako ekimenetan». Bestetik, «zailtasunak dituzten familiekin» egon dira, eta guraso topaketak ere egin dituzte. «Gurasoak gazteen erreferenteak dira», nabarmendu dute. «Beraz, helduek koherente izan behar dute esaten eta egiten dutenarekin». Horrez gain, gazteei eta aisialdiari dagokionez, sentsibilizatzeko eta arriskuak gutxitzeko kanpainak egin dituzte, esaterako. Komunitate eremuan, berriz, ikastaroak egin dituzte Zaragueta eskolako hezitzaileekin. Hurrengo planerako asmoak Taldeak hurrengo planeko ildo nagusiak azaldu ditu. Besteak beste, ikasleekin eta familiekin jarraitzeko asmoa dute. Halaber, parte-hartzea sustatzeko beste estrategiak asmatzea edota Prebentzio Kontseilua indartzea beharrezkotzat jotzen dute, besteak beste. Aiora Perez de Sanroman Askagintzako kidea «Gazteek helduek egiten dutena imitatzen dute» Aiora Perez de Sanroman (Oiarzun, 1978) Askagintzako kidea da. Plana ebaluatzeaz gain, droga- mendekotasunaren inguruan aritu zen joan zen astean. Kontsumoaren inguruan hainbat eredu dagoela aipatu duzu. Zein dira horiek? Ezagunena debekatzailea da. Errepresioaren bidez egiten da, legeak esaten baitu drogak ilegalizatu egin behar direla. Horren atzean merkatu beltza eta interes ekonomikoak daude beti. Seme-alabak gehiegi babestea da beste eredua. Beldurtuz gero, norbanakoa ez da gai erabaki zentzudunak hartzeko. Gaixotasunaren ereduak, berriz, norbanakoa ahula dela dio. Beraz, drogak txarrak direla esaten zaio horri. Beste aldean eredu permisiboa dago. Horren arabera, kontsumitzea positiboa da. Hala, eredu hori jarraitzen dutenek gehiegizko askatasuna ematen diete seme-alabei. Kontsumo arduratsuak pertsonarengan jartzen du enfasia. Eredu honen arabera, norbanakoak jakinaren gainean gaude drogak hor daudela. Beraz, kontsumitzea erabakiz gero, geurea da kontsumitzeko moduaren ardura. Bide horretatik, autokontrol faltsuaren arriskua sor daiteke. Biztanleetatik %20ek droga gabe bizi daitekeel adiote. Horretarako abilezia batzuk dituzte horiek: Talde presioari ezetz esatea, pentsamendu kritikoa izatea... Ondorioz, norbanakoak ez du kontsumorako beharrik. Hori gaitasunaren eredua da. Pentsamendu kritikoa izanda, kontsumitzaileentzako ere baliagarria izan daiteke eredu hori. Zein ereduk eragin dezake arrisku txikiena? Bultzatu beharko genukeena gaitasunaren eredua da. Hala ere, biztanleriaren zati handi batek kontsumitu egiten du, eta, beraz, kontsumo arduratsuarekin ere jarraitu beharko genuke. Gaitasun zehatzak lan daitezke. Dograk batzuei ondo egiten diela eta beste batzuei modu negatiboan eragiten dietela diozue. Zergatik? Modu negatiboan eragiten diete gaitasunik ez duten pertsonei. Aurre egiteko gaitasuna izanez gero, baliteke droga kontsumoaren aurrean ere modu horretan jokatzea. Aukera gutxiago izango dute drogen mende erortzeko. Azken urteetan gehiago kontsumitzen da duela urte batzuk baino. Sarri entzuten da mezua. Hala al da? Antzera kontsumitu izan da droga. Baina egia da adin txikikoen artean kontsumoak gora egin duela. Horretan arreta jarri behar dugu. Adin txikikoek ez dituzte gaitasunak garatu. Adin tarte horretan drogekin esperimentatzen hasten dira. Probatzeko adina 2006tik aurrera asko jaitsi da. Orain bistakoa da kontsumo hori; lehen ezkutatu egiten zen. Guztien artean alkohola da gehien toleratzen den droga. Hala ere, horrekiko kezka azaltzen duzue. Drogen mesia da alkohola. Gazteen arteko kontsumoa konpultsiboa da. Pentsatzen dugu normala dela mozkortzea, eta gazteen oraingo helburua mozkortzera joatea izan ohi da askotan. Hala ere, drogen inguruan hitz egiterakoan gazteei jartzen zaie arreta. Baina helduen fenomenoa ere ez al da? Bai, helduen fenomenoa da. Gazteek helduek egiten dutena imitatu egiten dute. Gizartea hipokrita da, eta helduek askotan gisa horretan hitz egiten dugu. Gurea ez den guztia kritikatzen dugu. Guri, ordea, nerabeak kezkatzen gaituzte. Ahulagoak dira, eta ez dute neurtzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide