Fantasiazko eta beldurrezko literatura sustatzea du helburu www.eztena.org atariak. Horretaz gain, liburuetatik kanpo irakurtzeko moduak ere badaudela erakutsi nahi du . Baita idazteko ere. «Idazteko gogoa duen orok izango du horretarako aukera», nabarmendu du webgunearen sortzaile Asier Mendozak: «Ez duzu intelektual itxura izan behar, ezta misteriotsua ere. Zuk zeuk idatz dezakezu hala nahi duzulako».
Ildo horretatik, euskarazko irakurleei «eztena sartu» nahi die: «Dena eskura izango dute irakurleek. Fantasia eta beldurrezko idatziak aitzakia hartuz, irakurleak tentatu nahi ditugu gure poemekin eta narrazioekin. Kontakizun oro delako dena eta eztena».
Era berean, euskal literatuari «beste bultzadatxo bat» eman nahi dio atariaren bitartez, eta bide batez, «lotsatuta dagoen idazle orori bere testuak kaleratzeko aukera eman».
Asier Mendoza www.eztena.org atariaren sortzailea
«Euskal literaturgintzan gutxi lantzen da fantasia»
Fantasiazko edota beldurrezko literatura bultzatzearren
eta idazleei idazteko askatasuna emateko sortu du Asier
Mendozak (Zarautz, 1971) www.eztena.org ataria. Proiektu jaioberria da. Duela hilabete inguru jarri zuen zarauztarrak martxan. Oraingoz gutxik ezagutzen duten arren, hainbat testu biltzen du bere baitan. Unibertsitatetan ezagutzera ematea du helburu Mendozak, ahalik eta idazle zaletu gehienek parte har dezaten egitasmoan.
Irakurleak zein idazleei eztena sartu, tentatu nahi dituzue. Zertarako, ordea? Zein da webgunearen helburua?
Pare bat helburu ditu ekimenak. Batetik, fantasia eta beldurrezko webgunea sortzea, euskaraz. Modu horretako ipuinak eta narrazioak bilduko ditu, beraz. Izan ere, euskal literaturgintzak ez du halako tematika jasotzen, edo oso gutxi lantzen du, behinik behin. Bestetik, idazteko gogoa dutenek horretarako aukera izango dute webguneari esker; aske izango dira nahi dutena egiteko. Ez dute idazle ezaguna edota profesionala izan behar. Gogoa izan behar dute, besterik ez. Horrek, ordea, ez du esan nahi idazle profesionalek ezin dutenik bertan idatzi.
Irakurtzeko eta idazteko beste modu bat proposatu duzu.
Bai, Internetek azken finean horretarako tartea ematen du: Zerbait idatzi eta publikatzeko aukera ez dutenek beren lanak irakurgai jarri ditzake.
Irakurleek ordenagailuaren pantailan zein PDF formatuan inprimituta irakurri ditzakete testuok, baita E Book bidez ere. Asmoa aukerak eskaintzea da, irakurleek zein idazleek nahi dutena egin dezaten.
Duela hilabete-edo jarri duzu martxan webgunea, eta dagoeneko testu batzuk zintzilikatu dituzue. Zuk zeuk ere idatzi duzu bat edo beste, gainera.
Jaioberria da proiektua, eta oihartzuna emateko gogoz gaude. Fantasiazko hainbat idatzi zintzilikatu dut, Amaia Mendozarenak, Leo Kruzenak, Josu Waliñoren, Odei Arregirenak eta Xabier Mendigurenak, besteak beste. Nik idatzitakoak Ezekiel goitizenarekin sinatu ditut. Nik hainbat lan egin izan dut, hain ilunak ez diren testuak, normalak. Horietatik ezberdintzeko erabili dut goitizena. Nahiago dut fantasiazko zein beldurrezko idatziak beste izen batekin sinatu.
Testu indibidualez gain, ipuin kolektiboak sortzeko aukera ere eskaintzen du atariak.
Babel izeneko atalean ipuin baten hasiera dago idatzita. Oraingoz ez du izenbururik. Lehendik bat bukatuta dago, Bihotzera indarrez. Denon artean ipuina osatzea du helburu, inongo mugarik edota araurik gabe. Hala, interesa dutenek testuari jarraipena emateko aukera izango dute. Horretarako, eztena2011@gmail.com helbidera bidali beharko da idatzia.