Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo deklaratu zuen Beñat Lizeaga preso politiko zumaiarrak Fernando Grande Marlaska epailearen aurrean, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bertan, Lizeagak ez dela Segiko kide adierazi du. Era berean, «torturatu zezaketelakoan» egin zuela iparraldera alde nabarmendu zuen. Bertan, «bizitza publikoa eta normala» zeramala deklaratu zuen. Izpurako prentsaurrekoan adierazitakoa berretsi zuen hala; ez duela ezer «ezkutatzeko».
Epaileak DNA froga egitea galdegin zion zumaiar gazteari eta hau ukatu egin zen. «Azterketak egiteko eskatzen dute hori
normalean. Beñaten eskubidea da horri uko egitea. Oraindik ez dakigu, ordea, zergatik eskatu duten. Izan ere, sekretupean jarraitzen du kausak, eta, ondorioz, oraindik ez dakigu zer leporatzen dioten zehazki, Segiko kide izateaz gain», azaldu du abokatuak. Ildo horretatik, gaztearen aurkako akusazioa sekretupean egon bitartean ezin duela defentsa lana egin salatu du abokatuak.
Lizeaga 13:00etan pasatu zen epailearen aurretik, aurreikusi baino geroago. Izan ere, 10:30ak alderako deitu zuten. Behin deklarazioa eginda, Soto del Real espetxera eraman zuten bueltan berriz.
«Bidaia lasaia»
Grande Marlaskaren aurrean deklaratu aurretik, abokatuarekin egoteko aukera izan zuen Lizeagak. «Frantziatik Madrilerako bidaia lasai egin zuela azaldu dit. Zati batzuetan begiak estali zizkiotela jakinarazi dit, poliziak eurek aurpegia ezkutatu beharrean haiek ez ikusteko. Horretaz aparte, bidaia lasaia izan dela esan du», azaldu du Ostolazak. Lehenbizi Irungo komisaldegian utzi zuten, eta handik Madrilera eraman. 19:30ak aldera iritsi zen hiriburura, eta Soto del Real espetxean sartu zuten.
Herenegun goizean onartu zuten haren aurkako euroagindua, eta ondorioz, Espainiako Poliziaren esku utzi zuten. Lizeaga Mont de Marsan (Frantzia) espetxean zegoen ordura arte, Daxetik gertu. Herenegun Madrilera eraman zuten.
Udalaren babesa
Zumaiako Udalak elkartasuna eta babesa eskaini dio beste behin Lizeagari, baita haren senitarteko eta lagunei ere. Erakundeak hasieratik deitoratu du zumaiarra eta beste zazpi gazteren aurkako euroagindu eskaera, eta Ispuran itxialdia egin ostean,
Bergoi Madernaz eta Lizeaga Espainiaratu izana salatu du Udalak. Izan ere, erakundearen arabera, zortzi gazteak lan publikoa eta politikoa egiteagatik atxilotu eta Espainiaratu dituzte.