Daniel Maeztu (Aralar) eta Maribel Vaquero (EAJ-PNV) legebiltzarkideek eskatuta, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako etxebizitza, herrilan eta garraioetako sailburua Orioko, Getariako, Donostiako eta Hondarribiko kirol portuetako langileen ELAko ordezkariekin bildu da. ELAko ordezkariek kirol portuetako langileak kaleratu izana salatu zuten, beste behin: «Lehiaketa publikoa trikimailu gisa erabiliz, enpresa pribatuetako langileak kontratatu dituzte, soldata eskasen truke».
Horren aurrean, segurtasuneko enpresa pribatuetako langileak kontratatuz gero urteko 12.000 euro aurrezten direla adierazi zuen Arriolak. Izan ere, segurtasun pribatuaren inguruko Espainiako hitzarmenarekin egin du bat Aldundiak. Hitzarmen horren ondorioz, langile gehiago kontratatzeko aukera izango dutela gehitu zuen. Legebiltzarkideek zerbitzuak «okerrera» egin duela nabarmendu zuten, eta kirol portuetako langileen lanpostuak «ezegonkorragoak eta prekarioagoak» izango direla gehitu. Hori dela eta, Maeztuk eta Vaquerok beste alderdietako kideekin harremanetan jarriko direla esan zuten, gaiari irtenbidea emateko.