Eskualdeko surflariak izan dira nagusi surf probetan asteburuan

Zarauzko Hitza 2011ko apirilaren 12a

Asteburuan Donostiako Zurriola hondartzan jokatu duten 2011 Gaztekutxa Gipuzkoako Surf Txapelketan emaitza onak egin dituzte eskualdeko surflariek. 18 urtez azpiko txandan Manex Bikuña sailkatu da lehenengo. Postu bera lortu dute Imanol Yeregi zum...

Asteburuan Donostiako Zurriola hondartzan jokatu duten 2011 Gaztekutxa Gipuzkoako Surf Txapelketan emaitza onak egin dituzte eskualdeko surflariek. 18 urtez azpiko txandan Manex Bikuña sailkatu da lehenengo. Postu bera lortu dute Imanol Yeregi zumaiarrak eta June Erostarbe eta Lander Davila zarauztarrek, 16 urtez azpiko gizonezkoen eta 14 urtez azpiko emakumezkoen eta gizonezkoen probetan, hurrenez hurren.
Metro inguruko olatuak altxatu ziren Sagues surfgunean larunbatean zein igandean, «garbi samarrak». Hori dela eta, surf erakustaldi «aparta» egiteko aukera izan zuten surflari gazteek. Yeregik, esaterako, 9 eta 9.17 puntuko olatuak hartu zituen, txapelketako olaturik onenak, hain zuzen. Davilak 8.83 puntuko olatua eta Erostarbek 8.5 puntukoa hartzea lortu zuten. Roberto Letemendia, berriz, 8.33 puntuko olatua hartu zuen.
Parte-hartzea ere zabala izan zen: 18 urtez azpiko mailan 32 parte-hartzaile izan ziren, beste horrenbeste 16 urtez azpiko probetan, 8 surflari longboard kategorian. Horretaz gain, 14 urtez azpiko 14 surflarik eta 12 urtez azpiko 11 surflarik ere hartu zuten parte asteburuko jardunaldietan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide