Mahastien ondare artistikoa

Zarauzko Hitza 2011ko apirilaren 9a

Txakolina artisten iturri bihurtu da, gorputz berdea biluzten duen musa bailitzan. Nortasun eta usadio handia duen euskal ardo zuriarekin landutako natura hilak bizi-bizirik ageri dira, Ispilu Arte galeriak abiarazitako ARTxakoli egitasmoan bezalaxe. Artea bizitzako beste esparru batzuetara zabaldu eta haiekin uztartu nahian, Natura eta Artea izeneko ekimena sustatu zuten iaz; besteak beste, hainbat erakusketa antolatu zituzten eta Zarauzko Udalarekin elkarlanean, herriko arbolen inguruko Zarautz bere zuhaitzetan barrena gida-liburuxka argitaratu zuten. Oraingo honetan, txakolina aukeratu dute eskulturen, grabatuen eta pinturen bidaide izateko. Ispilu Arteko arduradun Leticia Eizagirrerek hala azaldu du: «Gure kultura gastronomikoaren eta enpresa-tradizioaren parte denez, txakolina artearekin integratzea bururatu zitzaigun. Ideia nola gorpuz genezakeen pentsatzen aritu ondoren, artistei ekimenean parte hartzeko dei egin genien eta, egia esan, guztiz interesatuta agertu ziren. Ondorioz, Getariako Txakolina Jatorri Izeneko upategiekin harremanetan jarri eta haiengandik ere erantzun aski positiboa jaso genuen». Txakolina abiapuntu Artistak eta upategiak bat eginik, ARTxakoli ekimenari hasiera eman zion erakusketa-dastaketa ireki zuten joan den urtarrilaren bukaeran. «Erakusketako artelanen gaia txakolina da. Gainerakoan, estiloari eta teknikari dagokionez, ez dugu baldintzarik jarri. Beraz, txakolinak eta inguruak iradokitzen dionari buruz artista bakoitzak bere ekarpena egin du, dela fiburatiboan dela abstraktuan», azaldu du Eizagirrek. Artelan guztiak bakarrak dira, ekimenerako bereziki landutakoak. Erakusketa ia [...]

Txakolina artisten iturri bihurtu da, gorputz berdea biluzten duen musa bailitzan. Nortasun eta usadio handia duen euskal ardo zuriarekin landutako natura hilak bizi-bizirik ageri dira, Ispilu Arte galeriak abiarazitako ARTxakoli egitasmoan bezalaxe. Artea bizitzako beste esparru batzuetara zabaldu eta haiekin uztartu nahian, Natura eta Artea izeneko ekimena sustatu zuten iaz; besteak beste, hainbat erakusketa antolatu zituzten eta Zarauzko Udalarekin elkarlanean, herriko arbolen inguruko Zarautz bere zuhaitzetan barrena gida-liburuxka argitaratu zuten. Oraingo honetan, txakolina aukeratu dute eskulturen, grabatuen eta pinturen bidaide izateko.
Ispilu Arteko arduradun Leticia Eizagirrerek hala azaldu du: «Gure kultura gastronomikoaren eta enpresa-tradizioaren parte denez, txakolina artearekin integratzea bururatu zitzaigun. Ideia nola gorpuz genezakeen pentsatzen aritu ondoren, artistei ekimenean parte hartzeko dei egin genien eta, egia esan, guztiz interesatuta agertu ziren. Ondorioz, Getariako Txakolina Jatorri Izeneko upategiekin harremanetan jarri eta haiengandik ere erantzun aski positiboa jaso genuen».
Txakolina abiapuntu
Artistak eta upategiak bat eginik, ARTxakoli ekimenari hasiera eman zion erakusketa-dastaketa ireki zuten joan den urtarrilaren bukaeran. «Erakusketako artelanen gaia txakolina da. Gainerakoan, estiloari eta teknikari dagokionez, ez dugu baldintzarik jarri. Beraz, txakolinak eta inguruak iradokitzen dionari buruz artista bakoitzak bere ekarpena egin du, dela fiburatiboan dela abstraktuan», azaldu du Eizagirrek. Artelan guztiak bakarrak dira, ekimenerako bereziki landutakoak.
Erakusketa ia iraunkorra da, gainera. Urte osoan zehar izango da ikusgai galerian, baina espazioz aldatuko dute unean uneko jarduerei tokia uzteko. Une honetan Ispilu Arteko areto nagusian dauden arren, tarteka, behe solairuko tailerrera aldatuko dute. Erakusketa ez da hertsia, handituz baitoa denborak aurrera egin ahala. Hasiera batean 16 artelan bildu zituzten, baina gero eta gehiago dira; adibidez, asteburu honetan lanak aurkeztuko dituzte Aitor Sarasketak, Juan Luis Mendizabal Mendik eta Iñigo Manterolak.
Dastaketaren txanda
Ekimenarekin jarraituz, eta Euskal Herrian txakolinak hiru jatorri izen dituela kontuan hartuta, hiru ardoen ezaugarriak
bereizteko eta alderatzeko dastaketa antolatu dute gaurko. Talai-Berri upategiko Itziar Eizagirre enologoak gidatuko du saioa, eta bertan Talai-Berri (Getariako Txakolina), Oxinbaltza (Bizkaiko Txakolina) eta Beldui (Arabako Txakolina) etxeko ardoak izango dira aztergai; dastaketa mugatua izango da, egitasmoarekin lotura dutenentzat bakarrik. Ondoren, Gure Txokoa jatetxeko sukaladari Jose Mari Mitxelenak txakolin bakoitza laguntzeko pintxo bana egingo du, eta mokadutxoen dastaketa irekia izango da. Horrez gain, elikagai artisauak egiten dituen Bubub enpresak txakolin mermelada aurkeztuko du; ontziaren diseinua urte hasierako erakusketarako Lola Sarrateak ekoitzitako artelanean oinarrituta dago.
Ardo-dastaketarekin batera, argazki lehiaketa ere jarri du abian galeriak, eta zenbait upategik beren etxeko ateak zabaldu dituzte, parte-hartzaileek beren upelak eta mahastiak irudikatu nahi badituzte. Lanak Ispilu Arte galerian bertan aurkeztu beharko dira eta horretarako azken eguna ekainaren 8a izango da. Ondoren, lehiaketara aurkeztutako 20 argazki esanguratsuenekin erakusketa zabalduko dute. Iraila bitartean, pixkanaka-pixkanaka, hainbat jarduera egiten jarraituko dutela adierazi du Eizagirrek.
ARTxakoli ekimeneko erakusketaren inaugurazio-dastaketara jende ugari gerturatu zela azaldu du Ispilu Arteko koordinatzaileak. Baina, gerora ere, erakusketa ikusten lagun dezente izan da galerian. «Badirudi artea ez dela jendearengana zabaltzen askotan, eskuraezina eta ulertezina dela ematen baitu. Beraz, gerturatzen saiatzen ari gara. Azken finean, hori da gure helburua: jende gehiagorengana heltzea, alegia. Horretarako bide anitz erabili behar da eta, egia esan, gastronomiarekin uztartutako jarduera esperimental hauek erakargarriak egiten zaizkigu», nabarmendu du honek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide