Espero baino lehen amaitu dute berdelaren kanpaina Kantauriko arrantzaleek. Eta baimendutakoa baino gehiago harrapatzeagatik isuna jarri dio Europak. “Egoera ez da hain larria, asko jada antxoatan ari baita”, azaldu du Pilar Unzalu ingurumen, lurralde plangintza, nekazaritza, eta arrantza sailburuak. “Baina zer gertatuko da geldirik dauden ontziekin?”, egin du itaun. Aurten kuota iazkoa baino murritzagoa izan da, eta arrantzaleek hurrengo urteetan are gutxiago arrantzatu ahalko dutela aurreikusi du sailburuak. “Isuna bost urtean beharrean, hamarrean betetzeko aukera eskatuko dugu”.
Jaurlaritzak Espainiako Gobernua jotzen du erantzuletzat. Baita bajurako arrantzaleek ere: “Espainiak gaizki negoziatu zuen kuota. Nolatan kendu ziguten 3.000 tona Frantziari emateko, zapoaren eta legatzaren truke?”. 