Osasunaren Nazioarteko Eguna zen atzo, egun paregabea AECC Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearen egoitza berria inauguratzeko. Turismo Bulego zaharraren lokalean (Balea kalea, 2) kokatu dute egoitza, AECCko Zarauzko lehendakari Amaia Arregiren esanetan, «toki zoragarrian». Udalak utzi dio elkarteari lokala, minbiziaren aurka lan egin dezan. Jakinarazi zutenez, bertan Urola Kostako herritar guztiei eskainiko diete zerbitzua.
Atzo ireki zituzten egoitza berriaren ateak eta bertan bildu ziren, besteak beste, AECCko Gipuzkoako lehendakari Fernando Pesquero, gizarte politikako diputatu Maite Etxaniz, Donostiako Gotzain Jose Inazio Munilla, Zarauzko alkate Jon Urien eta hainbat zinegotzi, baita egoitza berriko langileak ere.

Elkarteak azken hiru urtean inauguratzen duen hirugarren lokala da Zarauzkoa. Pesquerok adierazi zuenez, Minbiziaren Aurkako Elkartearen filosofia Urola Kostara ekarri nahi izan dute: «Minbiziaren aurkako borrokan hiru oinarri ditugu: ikerketa, prebentzioa eta bizitza osasuntsua. Oinarri horiek berak ditu AECC elkarteak. Zarauzko egoitzan horien alde lan egingo dugu».
Lokala inauguratu aurretik eta NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Europako Kontseiluak 2011. urtea Boluntarioen Urtea izendatu dutela kontuan izanda, GKEen etorkizunaz aritu dira Etxaniz, Munilla, Deustuko Unibertsitateko Gizarte Laguntzaileen Eskolako zuzendari Cinta Guinot eta Donostiako Ospitaleko Onkologia Zerbitzuko zuzendari Joseph Piera.
Guinoten arabera, GKEek «kohesioa tresna garrantzitsuak» dira: «Bazterketa soziala eta egungo indibidualismoaren aurrean kohesio soziala bultzatzen dute. Pluraltasuna sustatzen dute, eta horrek hainbat balore indartzen du: gizartearen parte-hartzea, boluntariotza eta errespetua, besteak beste».
Munillak, bere aldetik, borondatezko laguntza «norbanako guztiok bihotzean dugun joera naturala» dela nabarmendu zuen: «Besteei laguntzeak bizitzari zentzu etikoa ematen dio, materialismoaren aurrean». Era berean, «askotariko alorretako pertsonak» biltzen dituenez, boluntariotza «elkarrizketarako plataforma» dela gehitu du Donostiako Gotzainak.
Etxanizek, GKEen eta administrazioen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuen: «Gizarte zerbitzuek eta herri ekimenek norabide berean egin behar dute lan, eta elkarrekin. Administraziotik alor guztietara iristea oso zaila da, baina ezin da haren lana gutxietsi». Pierak, berriz, «gizarte lan garrantzitsuena GKEek» egiten dutela nabarmendu zuen: «Osasun zerbitzuek ezin dituzte gizartearen behar guztiak bere gain hartu. GKEen ekarpena ezinbestekoa da».
Mahai inguruarekin amaitu ostean, egoitza berria inaugura zuten. Behin, zinta moztuta, Munillak lokala bedeinkatu zuen. Gerora, mokadutxoaz gozatu zuten bertaratu ziren guztiek.
Hirugarren egoitza
Egoitza berrian psikologia arloan zein gizarte eta prebentzio alorretan laguntza eskainiko diete Urola Kostako biztanle guztiei. AECCk azken hiru urtetan hedapen zabala izan du. Zehazki Zarauzkoa epe horretan zabaldu duten hirugarren egoitza da.