Udalaren behin-behineko erabakiaren arabera, ezingo dute Etxeluze eraitsi

Ane Olaizola 2011ko apirilaren 8a

Orioko Udalbatzak lehen onarpena eman zion Orioko Hiri Antolamendu Plan Nagusiari, herenegun, ezohiko udalbatzarrean. Dagoeneko indarrean dagoen plan subsidiarioa plan orokorrera eraman dute erabaki horren bidez. Udalak adierazi du ez dela plan berria, «egokitzapen» bat baizik. Hori hala, «oro har, hirigintzako proposamen berririk» ez dela jasotzen adierazi du Udalak, baina aldaketa horretan «ñabardura» bat egingo dute. Izan ere, Etxeluze eraikina orain arte ordenantzatik kanpo egon da, baina hasierako onarpen honen bidez Hiri Antolamenduak barne hartuko du. Ondorioz, eraikina «kontsolidatu» egingo dela jakinarazi du Udalak: «Etorkizunean eraikina eraisteko arriskua zegoen. Aldaketa honekin, ordea, alboratu egingo da aukera hori». Erabaki hori, ordea, ez da behin betikoa. Hilabeteko epean jendaurrean jarri dute puntu hori, eta epe horretan herritarrek aldaketak edota helegiteak aurkeztu ditzakete. Behin tarte hori pasata, Hiri Antolamenduko Plan Nagusia behin betiko onartuko du udalbatzak, eta ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiak eman beharko dio oniritzia. Udalbatzak EAEko 2006ko Hirigintza eta Lursoru Legearen baitan onartu du lege orokorrera eramatea Plan Nagusia. Etxeluze eraikinaz gain, bestelako aldaketarik ez du proposatzen agindu horrek. «Presazko erabakia» EA, PSE, EAJ, Aralar eta Ezker Batuaren botoen bidez onartu dute Plan Nagusia. Ezker abertzalea abstenitu egin da. Taldearen ustez, «presaka» egin da Plan Nagusia: «Ez dugu ulertzen zergatik ez den uzten datorren legealdirako. Finean, gaur erabaki denak eragin zuzena izango du hurrengo legealdian». Bestetik, helegiteak aurkezteko hilabeteko epea luzatzea proposatu du taldeak. «Hala, ondorengoek dokumentua aztertzeko aukera izan dezaten». Hala ere, Etxaluze ordenantzan sartzea «positibotzat» jo du ezker abertzaleak, eta hori «oposizioan egindako lanari esker» izan dela adierazi du. Bestetik, Plan Nagusia idatzi duten Manu Arruabarrena eta Santiago Peñalba arkitektoek eta Mikel Iriondo abokatuak izan duten «prestutasuna» eskertu du taldeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide