Antilla hondartzako eraikinak adjudikatu zituzten udalbatzarrean

Karkara.eus 2011ko apirilaren 7a

Orioko Hiri Antolamenduko Plan Nagusiari lehen onarpena ematea onartu zuten

Ezohiko udalbatzarra izan zen atzo, apirilaren 6an, eta honako puntuak jarri zituzten mahai gainean eta baita denak onartu ere:

2010eko

maiatzaren 25eko eta urriaren 26ko ohi...

Orioko Hiri Antolamenduko Plan Nagusiari lehen onarpena ematea onartu zuten

Ezohiko udalbatzarra izan zen atzo, apirilaren 6an, eta honako puntuak jarri zituzten mahai gainean eta baita denak onartu ere:

2010eko maiatzaren 25eko eta urriaren 26ko ohiko bilkuretako eta 2010eko uztailaren 6ko eta urriaren 5eko ezohiko bilkuretako akten zirriborroak aho batez onartu zituzten aldeko 11 botorekin.Manu Arruabarrena eta Santiago Peñalba arkitektoek eta Mikel Iriondo abokatuak idatzitako Orioko Hiri Antolamenduko Plan Nagusiari lehen onarpena ematea zen hurrengo gaia eta aldeko zazpi botorekin, hiru abstentziorekin eta aurkako bozka batekin lehen onarpena eman zitzaion Plan Nagusiari eta hilabetez jendaurrean egongo da.

Ezker Abertzaleak abstenitzeko emandako arrazoietako bat izan zen gauzak presaka egin direla: Ez dugu ulertzen zergatik ez den uzten hurrengo legealdirako, gaur erabakiko denak eragin zuzena izango duelako eta ondorengo legealdian Udalean egongo direnek izango dute zeresanik gai honi buruz.  Arau subsidiarioetan jasotakoa pasa da Plan Nagusira eta orain arte aurka egon izan badira ere,  egindako lanaren balioa eta plana egin dutenek beraiekin elkartzeko azaldutako borondatea eskertu nahi izan zuten. Epea luzatzea ere eskatu zuten, ondoren Udalean egongo direnek dokumentua aztertzeko denbora izan dezaten. Bestalde, esan zuten beraiek ez zeudela ados Arostegiko, Kofradiako, frontoiko ezta Muntoko (hainbeste istilu sortu zituen Eroskiko planaren berriztatzea) planteamenduekin eta dokumentu honek ez ditu jasotzen guk egindako planteamenduak. Baina badu alde positibo bat, Etxeluze ordenazioan sartu da oposizioaren lanari esker.

Idazkariak jakinarazi zuen egokitzapen soila izanik jendaurrean jartzeko epe minimoa adostu zutela eta alkateak gaineratu zuen, onartu dena da arauetatik planera pasatzea, baina horrek ez du baldintzatzen aldaketarik egitea.

Antilla Hondartzako eraikinak ostalaritza zerbitzuetarako adjudikatzea izan zen hizpide udalbatzarreko hurrengo hiru puntuetan eta aho batez 11na botorekin onartu zituzten hiru puntuak. 1. zenbakidun eraikina Iker Irazusta Tornori ematea adostu zuten. Urteko kanona 31.200 eurokoa da eta kontratuaren iraupena 10 urtekoa. 2. eraikinari dagokionez, Xabier Urretabizkaia Lizarribarrek dituen eskubideak bertan behera uztea erabaki zuten kontratua modu jarraian ez betetzeagatik; bigarren tabernarentzat lehiaketa publikorako oinarriak ere onartu zituzten eta horiek beste bietarako ezarritakoak izango dira. 3. taberna  Eus Galerna Arg sl erakundeari eman diote.

Ezker abertzaleak kexa azaldu zuen prozesua luzeegia izan delako. Udalak kontu honetan azaldutako eraginkortasunik eza  handia izan dela iritzi diote. Udararen atarian gaude eta orain arte adjudikatu gabe egon dira. Taberna bat jadanik ireki dute eta bestean egokitzapen batzuk daude egiteko.

Azkenik, lehen onarpena eman zioten Orioko bide publikoen udal inbentarioari aldeko zazpi bozka, aurkako hiru eta abstentzio batekin. Ezker Abertzaleak ezezkoa bozkatu zuen udalbatzarraren aurreko egunean jaso zutelako inbentarioa eta aztertzeko denborarik izan ez dugunez, prozedura egokia izan ez delako.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide