«Barruko superneskari umorez eta maitasunez begiratzeko balio izan dit»

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2011ko apirilaren 7a

Ezin dut, eta zer? lana aurkeztu zuen atzo Uxue Alberdi (Elgoibar, 1986) idazle, kazetari eta bertsolariak. Superneska izan nahi baina ezin duen neskatxa baten istorioa kontatzen du bertan. Getarian bizi den elgoibartarrak haurrei zuzenduriko liburuxka neurri batean «autobiografikoa» dela dio. Izan ere, bera askotan sentitu izan da besteen exijentzien aurrean itota, «fisikoki zein metaforikoki». Nola definituko zenuke zure azken lana? Haurrei zuzenduriko lantxoa da Ezin dut, eta zer? Bertan superneska nekatu baten istorioa kontatu dut. Haren aitak denbora guztian esaten dio superneska bat dela, eta berak superneska izateko espektatiba hori betetzearren presioa sentitzen du. Itota dago bere kaparekin, nekatuta dago. Gurasoen exijentzien eta autoexijentzien inguruko liburua da. Horregatik du izenburutzat Ezin dut, eta zer? Mezua du, orduan. Bai. Benetako superneskek ezetz esaten jakin behar dute. Ipuina hala bukatzen da. Protagonistak azkenean kapa armarioan gordetzen du, eta arnasa har dezake. Azkenean, itota sentitzen denean «ezin dut» esatera ausartzen da. Zer da superneska izatea? Nik uste dut denok dugula barruan superneska edo supermutil bat. Denera ailegatu behar hori. Idatzi dudan gauza autobiografikoenetarikoa da honako liburuxka. Azkenean dena egin eta ondo egin beharra da, irribarre batekin, gainera. Denok eman behar diogu geure buruari «nekatuta nago eta ezin dut» esateko aukera. Batzuk ikasi egin [...]

Ezin dut, eta zer? lana aurkeztu zuen atzo Uxue Alberdi (Elgoibar, 1986) idazle, kazetari eta bertsolariak. Superneska izan nahi baina ezin duen neskatxa baten istorioa kontatzen du bertan. Getarian bizi den elgoibartarrak haurrei zuzenduriko liburuxka neurri batean «autobiografikoa» dela dio. Izan ere, bera askotan sentitu izan da besteen exijentzien aurrean itota, «fisikoki zein metaforikoki».
Nola definituko zenuke zure azken lana?
Haurrei zuzenduriko lantxoa da Ezin dut, eta zer? Bertan superneska nekatu baten istorioa kontatu dut. Haren aitak denbora guztian esaten dio superneska bat dela, eta berak superneska izateko espektatiba hori betetzearren presioa sentitzen du. Itota dago bere kaparekin, nekatuta dago. Gurasoen exijentzien eta autoexijentzien inguruko liburua da. Horregatik du izenburutzat Ezin dut, eta zer?
Mezua du, orduan.
Bai. Benetako superneskek ezetz esaten jakin behar dute. Ipuina hala bukatzen da. Protagonistak azkenean kapa armarioan gordetzen du, eta arnasa har dezake. Azkenean, itota sentitzen denean «ezin dut» esatera ausartzen da.
Zer da superneska izatea?
Nik uste dut denok dugula barruan superneska edo supermutil bat. Denera ailegatu behar hori. Idatzi dudan gauza autobiografikoenetarikoa da honako liburuxka. Azkenean dena egin eta ondo egin beharra da, irribarre batekin, gainera. Denok eman behar diogu geure buruari «nekatuta nago eta ezin dut» esateko aukera. Batzuk ikasi egin behar dute bere burua ahalduntzen eta «ahal dut» esaten, baina beste askok frenoa jarri behar diote euren buruei. Ez da ezer gertatzen hori esateagatik; hori barneratu behar dute askok eta askok.
Autobiografikoa dela esan duzu. Zu ere hala sentitzen al zara?
Ni askotan sentitu naiz liburuko protagonista bezala. Ni ere asmatikoa naiz, beti egon naiz mila gauzatan sartuta… Askotan sentitu naiz itota, bai fisikoki bai metaforikoki. Beti buruan izan dudan ideia izan da. Horri helduta idatzi nuen, iaz. Goiz batean autoan nindoan Muskizera (Bizkaia), bertan hitzaldi bat eman behar nuelako. Arratsaldean beste bat nuen, eta tartean kafetxoa hartzen ari nintzela idatzi nuen, ordubetean-edo. Etorri bezain pronto idatzi nuen. Gerora, Jokin Mitxelenak ilustratu du, marrazki zoragarriekin.
Gustura zaude, orduan, emaitzarekin.
Bai, asko-asko gustatu zait Jokinek nola islatu duen istorioa marrazkietan. Protagonista neska txiki-txiki baten gisan egin du, panpina balitz bezala. Aita, berriz, izugarri handia marraztu du. Bien arteko harremana oso ongi harrapatu du. Istorioan ez da esaten baina hor dago. Aitak espero duena bete nahia, aitari gustatu nahia. Oso marrazki politak egin ditu.
Ezin dut, eta zer? lana orain arte sortu dituzunekin alderatuta oso ezberdina da.
Hala da, bai. Aulki bat elurretan eta Aulki-jokoa helduei zuzenduriko lanak dira. Lehenengoa ipuin bilduma bat da, bigarrena eleberria. Honakoa, haurrei zuzenduta baldin badago ere, helduentzat ere bada. Ipuintxo bat da, fabulatxoa. Mezua du, printza bat istorio baten inguruan. Balio dezake 8-10 urte bitarteko haurrentzat, baita haien gurasoentzat ere. Izan ere, askotan ez gara konturatzen zenbat exijentzia eta espektatiba jartzen ditugun seme-alaben gain. Beste edozein helduri zuzenduta ere badago. Neure kasuan, oso ongi pasatu nuen testua idazten, eta egun oraindik asko identifikatzen naiz ipuinarekin. Finean neure buruari umorez begiratu diot, kanpotik. Ez da amorruz edota haserre idatziriko ipuin bat.
Oso argi nuen hasieratik zer esan nahi nuen. Ipuintxo bat da, ez da nobela bat, eta ez du denbora gehiegi eramaten eraikitzeak, pertsonaiak sortzeak, gauzei mila buelta emateak. Ordubetetxo batean idatzitako lana da. Neure barruko superneska nekatu horri umorez eta maitasunez begiratzeko balio izan dit, eta oso polita geratu da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide