«Jarraitzeko eskatu didate, eta horregatik segitzen dut»

Urola Kostako Hitza 2011ko apirilaren 8a

Joan zen urteko abuztuan hasi zen Zumaiako Arraun Elkatean lanean zebilen jendea bilerak egiten, kudeaketa eredua eraberritzeko asmoz. Talde horretako kide da Luis Mari Goikoetxea (Zumaia, 1949). Bide hark duela bi aste izan zuen hitzordu garrantzitsua, hauteskunde prozesua bukatu baitzen. Zuzendaritza berria dago orain, talde hartataik sortua, eta Goiko-ri eskatu diote presidente lanetan jarraitzeko. Esker oneko hitzak ditu lantaldekoentzat, baita hainbeste urtean lankide dituenentzat ere: «Patxi eta Iñaki txoferrak, Manuel, Bixente, Anjel Mari, eta beste guztiak ere bai». Berriz ere presidente... Bai. Zuzendaritza osatzeko zerrenda egiterakoan, aukera geneukan gure taldeko edozein jartzeko presidente bezala, eta niri eskatu zidaten jarraitzeko. Beste bi urtez jarraituko dut lan horretan. Presidente ez izateko asmoa al zenuen berez? Bai, baina laguntza emateko ere prest nengoen, zuzendaritza berriko kideek nahi bazuten. Hala nahi izan dute, ni aukeratu naute, eta ea bi urtean gauzak zuzentzen ditugun. Zein dira zu buru zaituen zuzendaritza berriaren helburuak? Oso ondo ari gara lanean. Jende berria sartu da, oso langileak dira, eta lanak banatuta ari gara. Niretzako egundoko lasaitasuna da hori. Bi batzar egin dituzue azkeneko asteetan, eta hor jakinarazi diezue bazkideei klubaren egoera ekonomikoa ez dela batere ona. Bi urtean bideratu al daiteke? Gauzak ez ziren atera guk nahi genuen bezala aurreko urtean, babesle batek huts egin zigun-eta. Diru aldetik zuloa dago, baina bi urtean gauzak normal joaten badira, egoera bideratzeko aukera izango dugu. Behin diru arazoak konponduta, lasaiago egongo gara, eta bi urte barru jende berriak sartu nahi badu klubean, errazago izango ditu gauzak. Saiatzen ari gara, bide onetik goaz. Ez dira garai onenak dirua erakartzeko, eta hori ere oztopoa da, ezta? Bai, baina azken urteetako babesle nagusiak, Altuna y Uria enpresak, jarraitu egingo du aurten ere, eta laguntza handia da hori guretzat. Hortik aparte, beste zerbait lortzeko lanean ere ari gara. Hogeita hamar urte beteko dituzu presidente karguan. Orain duzun egoera ezberdina al da aurrekoekin alderatuta, zuzendaritzako talde berri horren laguntza duzulako? Oso ezberdina da. Jendea dagoenez, bakoitzak bere lanak dauzka, eta lan asko kendu dizkidate. Lehen norberak hartu behar izaten zituen erabakiak, eta askotan ez ziren zuzen hartzen. Orain, berriz, taldean hartzen ditugu erabakiak, eta lasaiago nabil. Zuzendaritza berriko kideen laguntza eskertu eta eskertu ari zara, baina nahikoa al da kopuruari dagokionez? Hemen jendea ez dago soberan. Asko behar da, asko. Kirol aldetik, harrobiko arraunlariekin lan egiteko lehen arraunean ibilitako dozena erdi bat lagun hasi da denboraldi honetan, eta alde horretatik gustura gaude. Baina jende gehiago etortzen bada, kalterik ez. Orain trainerillen denboraldia hasiko da, gero traineruak datoz... Eta jendea behar da, gauza asko egoten direlako egiteko. Kluba aldatzen ari al da azkeneko mugimendu hauekin? Baietz uste dut. Arrauna aldatu egin da, eta klubek ere aldatu beharra dugu. Kolpetik zaila da, baina pixkanaka eraberritzen joan behar dugu, jende berriarekin, ideia berriekin, gauza berriekin...Gu bide onetik goaz. Kanpora begira, klubak itxi itxura eman izan du. Aldaketa medio, orain irekiagoa dela ikusten al dute herritarrek? Irekia beti egon da jendearentzat, baina erreparoa eman izan die herritarrei gugana hurbiltzeak. Etorri izan denari beti lagundu izan diogu. Egia da, bazkide gehiago lortzeko kanpaina egin dugunetik eta batzarrak egiten hasi garenetik errazagoa da jendea klubera gerturatzea. Bazkide guztien ideiak dira ondo etorriak. Aldaketa aipatzen ari zara, baina nahikoa al da egiten ari zareten aldaketa? Ez dakit muga non dagoen, baina aldatzea beti da ona. Zenbat eta lehenago aldatu, hobe. 1982tik zara presidente. Eta noiz arte? Nire artean, aurten ere utziko nion, baina jarraitzeko eskatu didate. Oso garbi daukat ez dudala ontzi hau botata utziko; hainbeste urtean egindako lana ezin daiteke egun batetik bestera laga edozein moduz. Baina besteren bat etortzen bada, eta beste ideia batzuk baditu, ondo ikusiko nuke. Ia hogeita hamar dira klubeko buru zarela, eta zer balorazio egiten duzu bolada luze horretaz? Bueno, 1981ean, Luxia —Luis Mari Olasagasti–— etorri zenetik, oso momentu onak pasatu ditugu. Txarrak ere izan dira, oso txarrak ere bai urte hauetan guztietan, baina aurrera segitu dugu beti. 1978tik uretan daukagu trainerua, ez dugu inoiz zintzilikatu, eta lehorrean lagatzeko arriskua egon bada ere, ni oso egoskorra izan naiz segitzeko kontuarekin. Eta eskerrak segitzea erabaki genuen, bestela ez ginen orain gauden lekuak egongo. Kirol arloari erreparatzen hasita, zein dituzue helburuak aurtengorako? Gizonezkoetan, San Miguel Ligan jarraitzea da asmoa. Arraunlariak oso ondo ari dira, gustura daude, eta Xanti Zabaleta entrenatzailea oso ondo ari da lanean. Orain arteko traineru jaitsieretan gauzak ondo egin dituzte, eta gero, udan, berretsi beharko da lan on hori. Emakumezkoetan arazoak daude. Euskotren Ligarekin zer gertatuko den ez dakigu. Bere garaian, kluben arteko lehiaketa izan zedila proposatu genuen Gipuzkoako klubek, baina ez zuten onartu. Baina orain, gure proposamena onena ez ote den ari dira esaten. Gipuzkoako Liga indartzea da gipuzkoarron asmoa. Aste honetan daukagu bilera gipuzkoarrok, eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Bestelakoan, herriko emakumeak arraunean hastera gonbidatu nahi ditut, beti izaten da-eta jende falta. Gipuzkoako Batel Liga asteburuan bukatu da. Zer moduzko lana egin dute arraunlariek? Ona. Haur askorekin ibili gara, eta hori ona da. Ez zaie gauza handirik eskatu behar. Arraunean ondo egiten badute nahikoa da guretzat, nahiz eta azkenak bukatu. Harrobiko lanean ikastea da garrantzitsuena. Ez zaie behartu behar, iritsiko dira gora bere garaian. Orain trainerillen lehia hasiko da. Zein asmorekin zabiltzate? Lau ontzi aterako ditugu: emakumezkoetan, seniorrena, eta gizonezkoetan, seniorrenak bi eta jubenilena bat. Nahiko lehiakorrak izango dira laurak, eta ikusiko dugu zer ateratzen dugun. Besteak ere ibili egiten dira, eta ondo prestatu. Arraunean bada bazterrak astindu dituen beste kontu bat: Urdaibairen afera. Zer daukazu esateko? Guk ez daukagu ezer esateko, haiek konpondu beharreko zerbait da. Klub bakoitzak nahikoa du bere lana aurrera eramaten. Arraunaren egoera zein da? Gaizki ez dago, baina TKE Liga hasi zenetik, dirua mugitzen hasi zen, fitxaketak eta halakoak. Horrek dena izorratu du. Berezko egoeran segitu izan balu, egokiago ibiliko ginatekeen. Klub txikiok gaizki ibiltzen gara; etxeko arraunlariek ez dezaten aldegin, zerbait eman behar zaie, eta hor sortzen zaizkigu arazoak. Gure moduko klubei arazoa handitu egiten digu horrek, dirutan askorik ez dugu izaten eta. Zaila da lehengoa izatea. Inoiz ezin da jakin, baina zaila dago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide