Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko Herri Ikastolak mendi lasterketa antolatu du iganderako, lehen aldiz. «Kirol hori ezagutzeko eta inguruko leku ederrez gozatzeko» asmoz prestatu dute ekimena. 10:00etan hasiko da lasterketan, eta 18 kilometroko ibilbidea egingo dute korrikalariek, 1.000 metroko gorabehera positiboarekin.
Dagoeneko, ordea, ezin da bertan parte hartzeko izena eman. Izan ere, antolatzaileek 250 lagunentzako mugatu dute lasterketa, eta plazak beteta dago duela aste batzuetatik. Ez zutela halako harrerarik espero adierazi du Iñaki Berazak, Herri Ikastolako zuzendariak.
Lasterketaz haratago, antolatzaileek mendiaz gozatzeko aukera eman nahi izan die bertan parte hartzen dutenei, eta horretarako ibilbide aproposa osatu dute. Korrikalariak Ikastolatik abiatuko dira, San Martin baselizara bidean. Ondoren, Txanka, Erretzabal gaina, Etxaniz baserria eta Orioko Benta zeharkatuko dituzte. Handik Kukuarrira igoko dira, lasterketako puntu garaienera; 363 metro ditu mendiak. Handik, Itsaspe baserrira eta Luxarbe zalditegira joango dira, berriro ere Kukuarrira bidean. Handik, berriro Andu baserria, Txanka eta San Martin baseliza igaroko dituzte, berriro Ikastolara iritsi arte.
Oharra entrenatzaileei
Lasterketa behar bezala egiteko, azken aldian korrikalari asko ari da entrenatzen inguruetan. Antolatzaileen esanetan, askok Itxaiz baserriko lurretatik egiten dute korrika, eta bertatik ez pasatzeko eskatu diete. Horren ordez, errepidean aritzeko adierazi dute.
Lasterketa hiru ordutan amaitzea aurreikusten dute antolatzaileek. Hori hala, kontrol guneak jarriko dituzte Kukuarrin. Lehenengo kontrolean ordu eta 10 minutura izango dira gehienez ere, eta bigarren kontrolean bi ordu eta 25 minutura bitartean izango dira. Denbora horretatik aurrera korrikalariek «euren ardurapean» iritsi beharko dute helmugara.
Korrikalariak ez ezik, herritarrak ere bertaratzera gonbidatu dituzte antolatzaileek. Halaber, «lehenengo proba» pasata, datozen urteetan ere lasterketa antolatzen jarraitzeko asmoa dutela adierazi du Berazak.