Balearen Eguna maiatzaren 14an izango bada ere, Orioko alkate Jon Redondok gaur egin du festaren aurkezpena udaletxean. Hirugarren aldiz antolatu du aurten Udalak Balearen Eguna eta orain dela 110 urte euskal arrantzaleek arrantzatutako azken balearen urteurrena ospatzeko maiatzaren 14an ez ezik aurreko egunetan ere izango da ekitaldirik. Oraindik hilabete pasa falta bada ere, festa aurkeztearen arrazoia izan da herria girotzen joatea. Horretarako, alkateak herritarren laguntza eskatu du: etxeetako balkoiak, dendak, tabernak… arrantzale sareekin edo arrantza tresnekin apaintzeko gonbita egin nahi diegu oriotarrei. Era berean, arrantzale jantziak prestatzeko, gure nahia baita oriotar guztiak arrantzalez jantzita ikustea.
Erakusleiho lehiaketa
Egunean bertan herritarrak, baina tabernak eta dendak aurrez janzteko eskatu dute. Izan ere, Gabonetan egin ohi duten bezala, Balearen Egunaren aitzakian, erakusleiho lehiaketa egingo dute eta tabernetan barruko apainketa hartuko dute kontuan. Horretarako, apirilaren 18tik aurrera, prest izan beharko dira dendak eta tabernak eta Balearen eguna baino lehen emango dituzte sariak egunean bertan jendeak ikus ditzan. Parte hartzaileek izena emateko kultur etxera jo behar dute edo kultura@oriora.com helbidera idatzi.
Egitaraua prest
Balearen Eguna antolatzeko herritarrek beren ekarpenekin egindako ahalegina eskertu nahi izan du alkateak eta jakinarazi du ideia horiek kontuan hartuta egitarau oparoa prestatu dutela. Balearen Eguna baino lehen hitzaldia, bideo emanaldia eta umeentzako antzerkia izango dira. Maiatzaren 14an eta 15ean marinel azoka, haurrentzako arrantzarekin zerikusia duten tailerrak, puzgarriak eta jolasak jarriko dituzte. Balearen Egunean herri antzerkiak hartuko du tokirik esanguratsuena eta antzerkian parte hartuko duten 150 gora lagunentzat bazkaria izango da gero frontoian; gainontzeko oriotarrek ere izango dute 14 euroren truke herri bazkarira joateko aukera. Txartelak kultur etxean, kiroldegian eta Bordatxo, Aterpe eta Errusta tabernetan egongo dira salgai maiatzaren 7ra bitartean. Menua ere aurreratu dute: Paella, oilaskoa entsaladarekin eta bizkotxoa. Arratsaldean danborrada; antxoa eta sagardo dastaketa eta musika emanaldiek izango dute lekua eta gauean su artifizialak eta disko jartzailea egongo dira. Igande eguerdian ere hamaiketakorako aukera izango da berdela eta sagardoa jarriko baitituzte.