«Gure helburua da minbizia duen gaixorik edo seniderik ez egotea bakarrik, desinformatuta edo behar bezala artatu gabe». Horixe da AECC Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearen xedea, eta horixe da gaur inauguratuko duten Zarauzko egoitzatik bultzatuko duten ideia ere. Hainbat urteren ondoren, gaurtik aurrera zenbait zerbitzu eskaintzeko aukera izango dute Urola Kosta eskualdea osatzen duten 11 herrietan. Minbiziari zirrikiturik ere ez uzteko.
Elkartearen lanaren funtsa Europako Kodean dagoela azaldu du AECC Gipuzkoako psikologoak, Maider Sierrak: «Minbiziaren %70 saihets daiteke, eta hor datza gure lan guztia. Kode horrek minbizia ekiditeko kontuan hartu beharreko pausoak finkatu ditu» eta pauso horiek jarraitzea gomendatzen dute elkartetik ere. Eusko Jaurlaritzaren Osanet erakundeak plazaratutako datuen arabera, minbizi kasu gehienak emakumezkoetan bularrekoak dira eta gizonezkoetan prostatakoak. Eta ondoren kolonekoa dago, bai emakumezkoetan, bai gizonezkoetan. Hori kontuan izanik, elkartetik «hausnarketa» egin dute, datu horiek aldatzeko: «Kolonekoaren kasuan, esaterako, badakigu prebentzioak zenbateko garrantzia duen; elikadura orekatua izateak eta kirola egiteak minbizi mota asko eta asko ekidin ditzake, kolonekoa batik bat. Horrekin batera, garrantzitsua da detekzio goiztiarra bultzatzea. Horretan jartzen ditugu indarrak». Gero eta arreta gehiago jartzen da kontu horietan, minbizia saihestea delako elkartearen lehen helburua.
Osakidetzaren osagarri
Minbizia saihestea posible ez denetan, eta gaixotasuna behin garatuta dagoenean, tratamentua sartzen da jokoan. «Elkarte bezala saiatzen gara Osakidetzan dagoeneko badauden zerbitzuen osagarri izaten», dio Sierrak: «Haiek ezin hobeto tratatzen dute minbizia, baina guk Osakidetza iristen ez den tokietara iritsi nahi dugu; arlo psikologikora, laguntza emozionalera eta arlo teknikora».
Arlo psikologikoari eta emozionalari dagokionez, gaixotasunaren fase guztietan lagundu nahi du elkarteak. Minbizia diagonistikatzean, «aurreneko shock horri aurre egiteko» Donostia Ospitalean bi kide ditu elkarteak behar duenari arreta han bertan eskaintzeko. «Minbizia diagnostikatzen denean gaixoaren eta bere ingurukoen bizitza aldatu egiten da, eta tratamendu osoan zehar laguntza psikologikoa eskaintzen dugu». Dolu edo heriotza kasuetan, berriz, gaixoekin lan egiten dute egoera paliatibora iritsi aurretik, «hori Osakidetzak hartua duelako bere gain». Heriotzerako prestatzen laguntzen dute, eta familiekin ere lantzen dute errealitate hori, baita senidea hil ondorengo doluaren tartean ere.
Laguntzarako bitartekaritza
Laguntza psikologiko eta emozionalaz gain, beste arlo garrantzitsu bati heltzen saiatzen da elkartea, eta hala egingo dute Zarauzko egoitzan ere. Arlo soziala da hori. Olaia Duarte gizarte laguntzaileak zerbitzuen arteko zubi edo bitartekaritza lanak egingo ditu: «Gure eskura ditugun tresnen berri ematen dugu, orientatu eta Osakidetzako zein administrazio publikoko beste zerbitzuekin koordinatuta egiten dugu lan; herri bakoitzeko Gizarte Zerbitzuen arloarekin, batik bat».
Izan ere, askotan minbizia pairatzen duten gaixoek etxean laguntza behar izaten dute, beren autonomia indartze aldera. Laguntza teknikoak nahiz ekonomikoak biltzen ditu bere baitan arlo horrek, eta psikologoarenganako bideraketa ere haiek egiten dute.
Bizi kalitatea hobetzeko, lana
Prebentzio eta tratamenduaren inguruko lanaz gain, elkarteak badu zeregin gehiago. Geroz eta garrantzia handiagoa ematen ari zaie minbizia pasatu duen pertsonaren bizi kalitatea hobetzeari. «Izan ere, zorionez gero eta gehiago dira minbizia gainditzen dutenak». Tailerrak, informazio banaketa… egiten dute bizi kalitatea hobetzearen bidean. Hala, besteak beste azala eta ahoa nola zaindu azaltzen dute; minbiziaren
eta elikaduraren arteko lotura aztertzen dute; eta sexualitatearen arloa jorratzen dute, besteak beste. Dena dela, gaiak eta ekimenak elkartera gerturatzen
direnen beharren arabera moldatzen dituzte, Sierrak eta Duartek jakinarazi dutenez. Zarauzko kasuan ere, beharren eta eskaeren araberako zerbitzuak jarriko dituzte martxan, betiko zerbitzuak eskaintzeaz gain. Egoitzaren ibilbidearen hasiera honetan, banakako atentzioa emateaz gainera erretzeari uzteko talde bat osatu nahi dute datorren hilerako, eta hitzaldiak ere egingo dituzte hilean behin gutxi gorabehera.
Zarauzko egoitzak eskualdeko herritarren artean zein harrera izango duen jakitea zaila dela diote arduradunek. Hala ere, minbiziari aurre egiteko erakundeek martxan jarritako prebentzio kanpainek eta halakoek behintzat herritarren artean «erantzun ona» eragiten dutela uste du Sierrak. Bularreko minbiziari dagokionez, esaterako, adin batetik aurrerako emakume guztiei etxera iristen zaie kanpainan parte hartzeko eskutitza, eta partaidetza «oso altua» da, «%90koa». Emaitza hori oso ondo dagoela uste dugu, baina horrelako kanpainak beste minbizi mota batzuen kasuetan ere egitea bultzatu nahi dugu. Koloneko minbiziaren kasuan, esaterako. Izan ere, frogatuta dago oso proba erraza eginda garaiz atzematea posible dela». Proiektu pilotoa jarria dute martxan; «parte-hartzearekin oso gustura daude arduradunak». Erakundeek egiten dutena «oso balekoa» dela iruditzen zaie AECC elkartekoei. «Baina uste dugu prebentzioan ere inbertitu beharra dagoela, hala diru gutxiago bideratu beharko delako tratamenduetan. Zentzu horretan, elkartea lan handia egiten ari da erretzaileek tabakoa uzteko, talde terapien bidez, esaterako».
Lehen eguna, borobila
AECC Gipuzkoaren Zarauzko egoitza inauguratzeko ekitaldi sorta antolatu dute gaurko. Ekimena Antoniano aretoan hasiko da. 12:00etan Gipuzkoako elkartearen inguruko bost minutuko ikus-entzunezkoa emango dute, eta ondoren GKEn etorkizuna egungo gizartean mahai-ingurua egingo dute, Gipuzkoako gizarteko eta politikako jende esanguratsuaren partaidetzarekin. Handik egoitza berrira joango dira, lokala inauguratu eta mokadutxoa hartzeko.
Minbizia datutan (EAE, 2006 urtekoak)
- kasuak eta heriotzak: Minbizia-kasu berriak. 11.149. Heriotza kopuruak. 5.410.
- Sexuka. Oro har, tasak handiagoak dira gizonen kasuan.
- lokalizazio ohikoenak: Emakumezkoak. 1. bularra (%27,53); 2. kolon-ondestea (%13,81); 3. umetoki-gorputza (%6,78); 4. sistema hematopoietikoa (%5); 5. birikak (%4,82). Gizonezkoak. 1. prostata (%20,74); 2. kolon-ondestea (%15,04); 3. birikak (%14,95); 4. maskuria (%7); 5. urdaila (%4,77).
- zenbait datu: Osasun-arazo nagusi. «Minbizi kasu berriak eta heriotza tasak kontuan hartuta, minbizia osasun-arazo nagusietako bat dela ondoriozta daiteke, eta gaixotasun hori kontrolatzeko esfortzu handia egin behar dela». Behera. «Azken urteetan minbiziagatiko hilkortasun-tasek behera egin dute gizonen eta emakumeen artean». Adina. «Adina arrisku-faktore ezaguna da minbiziari dagokionez».
*Iturria: Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak 2010eko urrian kaleratutako Minbizia Euskal Autonomia Erkidegoan. Intzidentzia, hilkortasuna, biziraupena eta bilakaera denboran zehar txostena.
Amaia Arregi: «Niri bizia ematen dit boluntariotza lan honek, behar dut»
Besteen alde doako lana egiteak bete egiten du Amaia Arregi (Legazpia, 1934). Adinean aurrera joan arren, ez du etxean gelditzeko asmorik. AECC Zarauzko lehendakaria da eta Hondurasko hezkuntza proiektu batean ere buru-belarri sartuta dago, besteak beste. Gustura baino gusturago dago herrian lortu duten egoitzarekin.
Elkartearen ibilbidean pauso garrantzitsua da egoitza bat izatea.
Dudarik gabe. Orain arte ekimen gutxi egin izan dugu. Urtero diru bilketa eta golf txapelketa antolatu izan ditugu Mirentxu Berazadik eta biok, baina beste ezer ez. Orain askoz zerbitzu osatuagoa eskaini ahal izango dugu.
Aspaldiko nahia zen Urola Kostan egoitza zabaltzea, ezta?
Bai. Urteak dira elkarteak hemen egoitza nahi zuela, eta azkenean lortu da. Eta toki zoragarrian, gainera. Udalak lekua zein izango zen esan zigunean harrituta gelditu nintzen.
Gaur da inaugurazioa. Dena prest al duzue?
Garrantzitsuena lokala lortzea zen, hori zen gure eskaera. Behin lortu genuenean, txukuntzen aritu gara eta prest dago. Zerbitzuak, berriz, beharren eta eskaeren arabera zehaztuko ditugu.
Irabazi asmorik gabeko elkartea izanik, zu bezala boluntarioak direnen parte-hartzea garrantzitsua izango da, ezta?
Bai, noski. Sarea osatzen ari naiz. Hainbat laguni deitu diot, 16ri zehazki. Batzuk prest agertu dira, beste batzuk esan didate nahiago dutela ordezko gisa aritu, betikoak falta direnerako.
Zer eginkizun izaten dute boluntarioek zuena bezalako elkarte batean?
Astean bi orduz egoitzan egotea izango litzateke lana, egoitzan norbait egoteagatik eta psikologoa edo gizarte laguntzailea dauden egunetan, haiek bakarrik ez daitezen egon.
Eta zu izango zara denen buru.
Nik, egia esanda, kargua utzi nahi dut. Urte asko ditut eta urte asko daramatzat elkartean, baina ez dago gazterik lekukoa hartzeko. Ikasten ari direla, lanean edo ezkondu berriak eta haurrekin daudela… Erretiratuek, berriz, bizitzaz eta bilobez gozatu nahi dute…
Zer soslai duzue Zarauzko minbiziaren kontrako elkarteko boluntarioek?
Guztiak emakumezkoak gara, eta adinekoak. Bat izan ezik, gainerakoak 60ak ederki pasatutakoak gara. Gizonak txikiteoan aritzen dira, baina honelako gauzetan ez dute parte hartzen. Ezta bestelako kontuetan ere. Hemendik dei egin nahi diet gazteei, parte har dezaten lan honek jarraipena izan dezan. Eta gizonezkoei ere gauza bera eskatzen diet; utz dezatela txikiteoa eta lagundu dezatela.
Elkartearen lana beharrezkoa dela uste duzu.
Osakidetzak eta Onkologikoak lan bikaina egiten dute minbizia tratatzerakoan. Baina horretaz gain, gaixo batzuek laguntasun beharra dute, eta boluntarioek gaixoen beharrei erantzuten diete. Arlo psikologikoa lantzen dute, eta garrantzitsua da hori ere. Ekonomikoki ere laguntzen dugu, eta hori ere behar izaten da askotan.
Jendea egoitzara gerturatuko dela uste al duzu?
Denborak esango du, hasieran agian zain egon beharko dugu. Publizitatea egitea garrantzitsua izango da, herritarrek jakitea hemen gaudela.
Jendeak nola erantzun izan du orain arteko ekimenetan?
Golf txapelketak, esaterako, arrakastatsuak izan dira oso. Egun polita izaten da benetan. Eta diru kopuru ederra biltzen da. Gainera, Zarauzko Udalak beti laguntzen du trofeo eta diru kopuru batekin; herriko merkatariak sari guztien kargu egiten dira; eta golfeko arduradunak ere oso ondo portatzen dira.

Orain 20 urte alargundu nintzen. Enpresa batean egin izan dut lan bizitza osoan, eta nik ezin nuen etxean gelditu ezer egin gabe. Horregatik, orain 18 urte jakin nuenean herrian minbiziaren kontra zerbait egin nahi zutela. Neuk ere parte hartu nuen, eta gaurdaino. Niri bizia ematen dit honek, behar dut.