«Herria ez da hain handia. 22.800 biztanle inguru gara Zarautzen, eta guztiok herriari dagozkion prozesuetan parte hartzeko eskubidea izan behar dugu». Hori dela eta, pasa den asteazkeneko osoko bilkuran Partaidetza Gida onartu zuen Udalbatzak, aho batez. «Herritarren eta Udalak hartzen dituen erabakien arteko konexio zuzena izango da honako gida», nabarmendu zuen Jon Burgaña Hamaikabateko zinegotziak.
Lehenik eta behin, udal ordezkariek Partaidetza batzordea osatu zutela azaldu zuen herritarren partaidetzako zinegotzi Patxi Elolak. Gerora, Partaidetza Gida osatzeko beharraz ohartu ziren. «2009an Bakeaz enpresari herriko partaidetzaren inguruko diagnosia egiteko ardura esleitu genion. Zinegotziei, teknikariei, zein herritarrei galdetegia egin zieten enpresako arduradunek, eta horiek oinarri hartuta osatu zuten balantzea. Bertan islatzen diren gabeziak, eskaerak eta alderdi positiboak izan ditugu kontuan gida osatzerakoan», nabarmendu zuen herritarren partaidetzako zinegotziak.
Herritarren enpresa
EB-Aralar koalizioko bozeramaile Andoni Ibargurenek herritarren partaidetza bultzatzeko lana egin behar dela adierazi zuen. «Instituzioekiko konfiantza berreskuratu behar dute, udal erabakiek zilegitasuna izan dezaten», esan zuen.
EAJko bozeramaile Imanol Lasak politikariek zein herritarrek «txipa aldatu» behar dutela gehitu zuen: «Erabakiak nola hartzen diren ikusi behar da. Formakuntzari eman behar zaio garrantzia». Burgañak, berriz, herritar guztien enpresa behar duela izan azaldu zuen: «Herritarrei aukera eman behar zaie parte hartzeko, interes orokorraren alde jokatuz».
«Orain arte bazterketa ikurtzat izan duen udal honek herritarren parte hartzea sustatu nahi badu, badauka nondik hasi. Lehenik, ezker abertzalearen parte hartzea gainontzeko udal taldeen baldintza ber-beretan izatea ziurtatu behar du epaile arrotzak diotenaren aurretik. Bigarrenik, Eukal Herrian hasi den aro berrian urratsak eman eta prozesu demokratikoan sakontzeko ezinbestekoa da ezker abertzaleko antolakunde anitzen legalizazioaren exijitzea», esan zuten ezker abertzaleko hautetsiek.