Jendetsua eta arrakastatsua izan zen joan den larunbatean Zestoan ospatu zen lehen Euskal Herria – Palestina eguna. Euskal Herria Palestina Sareak antolatutako ospakizun horretara, goizetik eta eguraldi onak lagunduta,jende pila hurbildu zen, plazan Porrotx, Txan Magoa edo Tapiaren emanaldiez gozatzeko. Sukaldaritza eta dantza tailerrak eskaini zituzten eta Gasteizko ttuntturroak kalez kale ibili ziren giroa alaitzen. Herri bazkaria ere uste baino jendetsuagoa izan zen eta bazkalostean, Nabil kantari palestinarrarek zutik, dantzan eta kantuan jarri zituen Laranjadin bildutako guztiak. Eguraldia okertzen hasi zen bazkalostean, eta gaueko egitaruan aldaketatxoak egin behar izan zituzten. EH Palestina Sarearen aurkezpen ekitaldiaren ondoren, oholtza bustia zegoela-eta, taldeek plazako eta udaletxe azpiko arkupetan jo zuten. Euriak atseden eman zuen ordea eta jai-giroak goizalderarte iraun zuen.