"Sariak jasotzeak aurrera jarraitzeko aukera ematen du"

Ane Olaizola 2011ko apirilaren 4a

Alberto Gorritiberea (Gasteiz, 1970) bost sarirekin itzuli da etxera Malagako (Espainia) XIV. Zine Jaialditik. Joan zen asteburuan aurkeztu zuen Arriya filma jaialdian, eta Begoña Maestrek emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Biznaga saria jaso zuen; Saoia Larak, berriz, jantzitegi onenaren saria; Gaizka Bourgevadek argazki onenarena, eta Bingen Mendizabalek soinu banda onenaren saria. Sail ofizialetik kanpo, Andaluziako Zine Idazleen Elkarteak opera prima onenaren saria eman dio filmari. Urola Kostako Hitzak bihar argitaratuko du elkarrizketa osoa. Pozik al zaude filmak izandako harrerarekin? Bai, oso gustura gaude. Sail ofizialean egotea bakarrik ohorea izan da guretzat. Euskal Herritik kanpo filma ikusi ahal izatea bakarrik oso garrantzitsua da. Duela zortzi egun oraindik filmaren azken xehetasunak ikusten ari ginen. Beraz, filma oraintxe bukatu dugula esan genezake, eta berehala Malagan izatea opari bat zen. Orain, bost sari eskuartean izateak indar pixka bat ematen du. Ofizio hau nahiko zaila da, eta sariak jasotzeak aurrera jarraitzeko aukera ematen du askotan. Hurrengo proiektuetan sartzeko balio izan du. Bost sari jaso ditu Arriya filmak. Baina nolako kritikak jaso ditu? Mota guztietako kritikak izan ditu. Baikorretako bat Andaluziako kritika elkarteak eman du. Badakit, ordea, Euskal Herritik jaialdi horretara joan denen bati ez zaiola filma gustatu. Beste batzuei, berriz, asko gustatu zaie. Kritika guztiak onartu behar direla uste dut. Baina, oro har, bost sari horiek eta kritika batzuk jasota gustura egoteko moduan gaudela iruditzen zait. Espero al zenuen filmak halako harrera izatea? Ez nuen uste halako erantzunik izango zuenik. Eskatzen nuen gauza bakarra ikusleek filma ulertzea zen. Istorioa oso euskalduna da. Testuinguru hori guztia Euskal Herritik kanpo nola ulertuko zen kezka bat banuen. Oso garrantzitsua da istorioa bera ulertzea, eta hori lortu dugula uste dut. Beraz, zerbait ona behintzat egin dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide