2011-2014 epealdirako EBPN Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren plan estrategikoa onartu zuen Zarauzko Udalbatzak pasa den asteazkeneko Osoko Bilkuran. Euskararen zabalkunderako tresna izatea da planaren helburua, «testuinguru ofizialean euskaraz bizi ahal izateko hizkuntza-politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea». Gehiengoz onartu zuten plan estrategikoa, PPko ordezkarien abstentzioekin. Planak hiru helburu ditu, nagusiki. Batetik, belaunaldiz belaunaldiko transmisioak etenik ez izatea ahalbidetzea; bestetik, euskara esparru guztietara zabaltzea, eta azkenik berau zaintzea eta babestea.
2004-2008an osatu zuten lehenengo plana eta gerora 2009-2010 epealdira luzatu zuten. EAJko bozeramaile eta Euskara zinegotzi Imanol Lasak adierazi zuenez, otsaila eta martxoa bitartean hainbat bilkura egin zituen Euskara sailak herriko hainbat alorretako eragileekin. «Euskararen aldeko akordio zabala eta parte-hartzailea behar dugu. Zarautzen kasuan ere, Udalak euskalgintzaren beharra dauka eta euskalgintzak Udalaren beharra. Eta biek herriko eragileena», nabarmendu zuen Lasak. Hala, 2011-2014 epealdirako lan ildoak zehaztu zituzten batzarrotan, eta Euskararen Aholku Batzordea berriz ere martxan jartzeko asmoa erakutsi zuten.
Horren harira, hauteskundeen ostean deituko du Euskara sailak Euskararen Aholku Batzordea. Bertan, herriko eragileek eta norbanakoek 2011-2014rako plan estrategikoa eta 2011rako kudeaketa plana aztertu eta ekarpenak egingo dituzte.
Hainbat lan ildo
Lau urtean indarrean izango den planak hainbat lan ildo izango ditu: euskararen erabilera handitzea etxean, euskararen aldeko motibazioa eta euskararen ezagutza handitzea herritarren artean, helduen prestakuntza eskaintzan, irakaskuntzan ta eskolaz kanpoko jardueretan euskararen erabilera handitzea, besteak beste.
Halaber, euskararen erabilera bultzatuko du herri edo eskualde mailako komunikabideetan eta publizitatean.
Iritzi kontrajarriak
Iritzi kontrajarriak azaldu zituzten plenora bertaratu zirenek. PPko bozeramaile Rafa Olaizolak, esaterako, gaztelania ez dela baztertu behar nabarmendu zuen: «Bi hizkuntza ofizial ditugu. Euskara indartu behar da, baina gaztelania baztertu gabe». Horren aurrean, EB-Aralar koalizioko bozeramaile Andoni Ibargurenek «nahiz eta bi hizkuntza ofizial izan, arazoa bakarrak» dituela adierazi zuen, euskarak. Era berean, Udal administrazioetan euskara bultzatzeko «esfortzu handia» egin beharra dagoela esan zuen.
Hamaikabateko zinegotzi Jon Burgañak plana onartzeak ez duela «beste hizkuntzak baztertzen» direnik esan nahi adierazi zuen. «Plan apala da, pizgarria. Denoi dagokigu erabilera bultzatzea eta hausnartzea», gehitu zuen. PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak, euskararen inguruko «diskriminazio positiboa» egiten dela nabarmendu zuen: «Berdintasuna sustatu behar da; euskaraz ez dakitenek ikasteko aukera izan behar dute».
Ezker abertzaleko hautetsiek «plana txantxetakoa» dela nabarmendu zuten: «Ez dakigu zehazki zertan ibili den Udala aurreko planarekin, ez dakigu plan hori gauzatzen ari ote den ere». Horretaz gain, Euskararen Batzordea duela urte batzuk eratu zutela gogoratu zuten, «baina bizitzarik ez» zuela izan gaineratu zuten. «Orain berriz eratu dela dirudi, baina ez dugu uste bilera bat eginda lau urterako plan baten ardatzak erabaki daitezkeenik».
Horren aurrean, «kezkatuta eta haserre» daude ezker abertzaleko hautetsiak: «Norabiderik gabe dabil Udala euskararen alorrean. Ez dugu ulertzen nola ekar daitekeen halako plan bat plenora. Zarautzek beste zerbait merezi duelakoan gaude».