Gipuzkoan
abandonaturiko haurrek eta bikotekiderik gabe ama izandako emakumeek Fraisoro etxean hartzen zuten ostatu eta ia
mende oso bateko arazo larria ikertu du Eva Garcia Magriñak. Ikertu ez ezik baita liburu batean jaso ere. Orain aurkeztu du, hain zuzen ere, Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak liburua.
Eva Garcíak Fraisoroko umezurztegiari edo haur-etxeari buruzko ikerketaren abiapuntua Larramendi Bazkunak egindako ikerlan deialdia izan zen. Geroztik, buru-belarri jardun du artxibategi eta agiritegietan bila eta aurrez aurreko elkarrizketen bidez informazioa jasotzen.
Larramendi Bazkuneko lehendakari Jon Unanuek aurkezpenean lanak elkartearentzat duen pisua azpimarratu zuen: Garrantzi handikoa da argitu ahal izatea Gipuzkoak zuen arazo larrienetako bati, haur jaioberriak sasiko egin edo abandonatzeari, zer irtenbide eman zitzaion XX. mendearen hasieran. Gaineratu zuen, Eva Garciak egindako ikerlanaren bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak gizarte arazo larri eta ezkutuko horri zein irtenbide eman zion argiturik gelditu dela, nahi beste lekukotasun idatzi eta ahotsezko jaso ez duen arren.
Eva Garciak bi helburu aitortu dizkio liburuari: Probintziako tornuetan edo bestelako lekuetan (etxe atari, eliz atari, bide bazter, sasiarte...) abandonaturiko haurrekiko Foru Aldundiak, 1903. urteaz geroztik, Fraisoroko Haur-etxea sortuz, hartu zuen jokabidea ikertu eta ezagutzera ematea; eta haurrekin bezala, ezkonkiderik ez izanda haurdun gelditu eta gizarte mailan eta familian bazterketa itzela pairatzen zuten emakumeekiko Foru Aldundiak hartu zuen jokabidea –Ama-etxea sortzea, alegia– aztertzea. Ez baita ahaztu behar gizarte mailako bazterketa latz hori izan ohi zela, sarri, haurrak abandonatzearen arrazoietakoa.
Gipuzkoa osoko haurrak bildu edo jaiotzen ziren Fraisoron eta Eva Garcíaren ikerlanean horiei eta haien amei buruzko historia horrela banatu du Eva Garciak liburuan:
- Fraisoro sortu aurreko abandonuen egoera.
- Ama Etxearen eraikinaren nondik norakoak.
- Abandonaturiko haurren antolaketa Gipuzkoan.
- Haurren edoskitzea eta inudeen lana.
- Ama ezkongabeak.
- Haur espositoak eta beren bizi-baldintzak.
- Fraisoroko langileak eta haien eginkizunak.
Jon Unanuek liburuaren funtsa laburtuz zera esan zuen: Hunkituko
zaituen ikerlan baten aurrean zaude, irakurle. Hunkitu eta ziurrenik
Fraisoroko etxe handiari buruz eduki duzun hainbat aurreiritzi apurtuko
dizu. Sasiko haurren arazoa, gauaren babespean ate baten
aurrean, tornu baten barruan edo bide eta erreka bazterretan utzitako
umeena, gure gizarteak izan duen zoritxarrik hits eta makurrenetakoa
duzu, mende askotan heriotzera edo bazterkeriara milaka haur kondenatu
dituena gizarte guztietan, baita Gipuzkoan ere. Fraisorok
bazuen askorentzat bere misterioa, gizarteak hipokresia erabatekoz
estali nahi zituen errealitate desegoki eta ezerosoen gaineko morboa,
nork beretzat inolaz ere nahi ez zukeen patu eta zoritxarraren arragoa
izatea.
Liburua 15 eurotan egongo da salgai Iturain estankoan.