Aste Santuetako jaiak gainean direla-eta, Gaztelekuak jai egunei begira egitarau zabala antolatu du. Hala, apirilaren 23an mendi irteera egingo dute Zumaiako Elgorriagara. Ildo horretatik, naturaz gozatzeko egun pasa egingo dute izena ematen dutenek. Apirilaren 26an, berriz, Tolosako Kartingera joango dira adrenalina askatzera. 13 euroko kostua izango du irteerak; gazte txartela aurkezten dutenek, berriz, sei euro ordaindu beharko dituzte.
Hilaren 30ean, iparraldera joko dute Gaztelekuko kideek, Bidarraira (Behe Nafarroa) hain zuzen. Bertako Errobi ibaian raftinga praktikatu ahalko dute parte-hartzaileek, bost kilometrotako jaitsiera egingo dute. Ondoren, Senperen (Lapurdi) bazkalduko dute. Izena eman nahi duten adin txikikoek gurasoen baimen berezia erakutsi beharko dute muga zeharkatzeko. Horretarako, Bake Epaitegira bertaratu, familiako liburua eta guraso baten NA zenbakia aurkeztu eta eskuorria bete beharko dute familikoek. Gerora, eskuorri hori Gaztelekura eraman beharko dute. Izena ematerakoan 26 euro ordaindu beharko dira, 13 euro gazte txartela erakutsiz gero.
Jakinarazi dutenez, apirilaren 8a bitartean eman ahalko da izena, Gaztelekuan. Informazio gehiago nahi duenak 943005122 telefono zenbakira deitu edota gaztelekua@zarautzgazte.net helbidera mezua bidali beharko du.