Oso txukun hasi du Eguzki-Orioko Bate Bizkorrak taldeak Ohorezko Kategoriako denboraldia. Martxoaren 20an hasita, bi jardunaldi –lau partida– jokatu ditu Orioko taldeak eta gustura daude lortutako emaitzekin. Izan ere, hiru lehia irabazi dituzte eta bat berdindu.
Herrialde Katalanetako Viladecans talde indartsuarekin neurtu zituzten indarrak lehen jardunaldian. Aurkariak Ligako eta Kopako txapeldunak izanagatik ere, ez ziren kokildu oriotarrak eta aurreneko partida irabaztea lortu zuten, 12-5eko emaitzarekin. Bigarren norgehiagokako garaipena, aldiz, kataluniarrentzat izan zen.
Martxoaren 27an, berriz, Madrilgo Dridma taldearen kontra jardun zuen Orioko taldeak. 10-0 eta 8-0 irabazi zituen partidak OBBk eta sailkapenaren goiko aldean jartzea lortu dute horrela.
Bestalde, taldeko gazteenen parte hartzea azpimarratzekoa izan da bi lehia hauetan, indartsu datozela erakutsi dute-eta Maria Urangak, Sara Etxeberriak, Aurora Makazagak eta Ane Murillo oriotarrek.
Datorren norgehiagoka
Donostiako ATSS taldearen aurka aritu beharko du datorren asteburuan, apirilaren 3an, Eguzki-OBBk. Loiolako Erriberetan duten zelaian jokatuko da partidak: 11:00etan aurrenekoa eta 13:00ak inguruan bigarrena.