Eusebio Gomez (Zarautz, 1961) ezaguna da herrian. Urte askoan krispetagile lanetan aritu da larunbat gauetan, Zarauzko taberna eremuan. Gomezek badu, ordea, alderdi artistikoa. Oso garatuta, gainera. Bi pasio ditu zarauztarrak: eskultura eta bonsaiak. Xpresionk zirkuituaren Eskulturak lorategian ekimenaren baitan, Igerain Gainako lorategietan bere bi lan jarri dituzte: Aleazioak eta Burdinola. Uda bitartean izango dira horiek ikusgai, Iñigo Manterola oriotarraren eta Juan Antonio Mendizabal zarauztarraren lanekin batera.
Bestalde, asteburuan Tarragonako (Herrialde Katalanak) bonsai lehiaketa batean hartuko du parte zarauztarrak. Bi pasioen inguruan aritu zaio Urola Kostako Hitza-ri.
Igerain plazako lorategian zure bi lan jarri dituzte: Aleazioak eta Burdinola. Zertan oinarritzen dira lanok?
Lehenbizi bi lanon buztinezko ereduak egin nituen. Tonto-tonto hasi nituen biak. Burdinola-ren kasuan, banuen lehendik zenbait ideia buruan eta guztiak uztartuta sortu nuen. Aspaldiko burdinolen argazkiak ikusi nituen, eta hortik dator ideia. Labea, burdina, mailuak… Gerora, burdinez egin zitezkeela bururatu zitzaidan. Bi hilabeteren buruan sortu nituen biak. Buztinezkoak txikiak ziren, eta egun batean horiek handian nola ikusiko liratekeen pentsatu nuen. Pentsatu eta egin. Eskala batzuk sortu eta bi metro luzeko eskulturak eraiki nituen. Hainbat burdinazko pieza eskatu, eta soldatu egin nuen. Hala sortu nituen Burdinola eta Aleazioak.
Ez da zure lanak jendaurrean jartzen dituzun lehen aldia, ordea.
Hainbat erakusketa egin izan ditut. Osabak— hura ere artista da— animatu ninduen nire lanak jendaurrean jartzera, eta proba egitea erabaki nuen. Balio banuen ongi, ez banuen balio, ez nuen ezer galtzekorik. Hala, Donostiako Kutxa aretoan, Zizurkilgo Olentzo Arte Lorategian eta Zarauzko Artezaleaken erakutsi izan ditut nire eskulturak, baita Eibarren, Elgoibarren eta Deban ere, besteak beste.
Orain, Xpresionk zirkuituaren baitan, Igerain plazako lorategian izango dira nire lanak uda bitartean ikusgai. Pixkanaka-pixkanaka jendeari nire lanekiko interesa piztu zaio, eta geroz eta areto gehiagotatik deitzen didate erakusketaren bat egin nahi dudan galdetzeko. Benetan pozgarria da.
Nondik datorkizu artearekiko lotura?Noiz hasi zinen eskulturak egiten?
Bada ez dakit, egia esan. Artezaleak taldean hasi nintzen buztinazko lorontziak egiten. Egun batean, lorontziak amaitu, eta beste pieza batzuk sortu nituen. Irakasleari deigarriak egin zitzaizkion, antza denez, eta gehiago egiteko eskatu zidan. Segituan egin nituen nik. Gerora, buztinezko lanak egiten hasi nintzen. Nire osabak ikusi zituenean ongi zeudela adierazi zidan, balio zutela, eta hori hala, brontzezkoak egiteko gomendatu zidan. Brontzea erabiltzea, ordea, oso garestia da. Hala ere, hori egiteko grina nuen. Horretarako bideak aztertzen hasi nintzen orduan. Hala, Debako Eskulangintzarako Irakaskuntza Zentroa topatu nuen irtenbidea. Bertan, brontzean galdaketak edo fundizioak egiten ikasteko eskolak ematen zituztela jakin nuen, eta izena eman nuen, noski. Gerora, lantzen joan naiz ikasitakoa.
Hala, egindako lanekin erakusketa bat antolatu nuen. Jendeari gustatu zitzaizkion nire lanak eta asko saldu ditut. Neure lantegitxoa ere badut, bertan eskulturak zein bonsaiak egiten ditut.
Artista izateaz gain, bonsaietan ere aditua zara, beraz. Zer dela-eta duzu zaletasun hori?
Betidanik erakarri izan nau Japoniako kulturak: samuraiek, bonsaiek…Duela 25 urtetik datorren kontu bat da. Donostiako liburudenda bateko erakuslehioan bonsaien inguruko liburua ikusi nuen. Pauso batzuk aurrerago, berriz, bonsai txiki bat ikusi nuen beste erakuslehio batean, eta alboan kartel bat. Bertan, bonsaiak hezteko ikastaroa bat iragartzen zen. Ikastaroa oso garestia zenez, nire kontura hasi nintzen bonsaien inguruko informazioa biltzen. Aldizkariak-eta kontsultatzen nituen. Halako batean, Japoniara bidaia antolatu zutela ikusi nuen, bonsaien inguruko konbentzio batera. Nire bizitzako ilusioa zen hori, eta bi aldiz pentsatu gabe izena eman nuen. Hegaldiarekin gorabeherak izan nituen eta ezin izan nuen joan, ordea.
Handik pare bat urtera, Artezaleaken bonsaien inguruko ikastaroan hartu nuen parte, eta baita Zubietako talde batean ere. Orduan, hogei egunez Japoniako familia batean egonaldia egiteko aukera eskaini zidaten. Benetan gozatu nuen han. Bonsaiak nola hezi erakutsi ziguten bertan, baina bonsaien inguruko eskoletan baino, japoniarrekin elkarbizitzen gozatu nuen gehien.
Etzi, gainera, Tarragonara zoaz bertako bonsai lehiaketan parte hartzera, ezta?
Bai. Hiru argazki bidali nituen txapelketara, eta haietatik bi aukeratzen dira. Larunbatean erabakiko dute zeintzuk diren argazkietan agertzen diren bonsai ikusgarrienak.