Baginaren bakarrizketak antzezlana ikusteko aukera izango da larunbatean, apirilaren 2an, 22:00etan kultur etxean. Orioko Herri Ikastolak antolatu du emanaldia, Orioko Udalaren laguntzaz, Kutxaren kultur programaren barruan.
Aitziber Garmendia eta Ainhoa Garai izango dira taula gainean eta bi emakumeren arteko elkarrizketa antzeztuko dute, beti ere, sexuari buruz hizketan. Adin, arraza, maila kultural eta sozial ezberdinetako emakumeen elkarrizketetan oinarrituta, emakumeek euren sexualitatearekiko sentitu eta sentitzen dituzten kezkak eta lotsak libre utziko dituzte antzezlanean. Orioko kultur etxean apirilaren 2an ikusi ahal izango da 22:00etan. Umorea, poesia eta probokazioa nahasiz azalduko dute emakumeen sexualitatea.
Eve Ensler feminista eta ekintzaile estatubatuarrak idatzi zuen Baginaren bakarrizketak (The Vagina Monologues) 1996an. Ordutandik gehien antzeztu den testu garaikideetako bat da, eztabaida piztu, moldeak apurtu eta dinamika sortzeaz gain, lotsarik gabe, emakumeen sexualitatea argi eta garbi azaltzen duena. Izan ere, umoreak, samurtasunak eta tarteka izuak ere bat egingo dute obra honetan.
Antzezlana ikusteko sarrera doanekoa izango bada ere, aldez aurretik, gonbita eskuratu behar da. Guztira, 120 jarriko dir: erdiak kultur etxean eta beste erdiak ikastolako idazkaritzan.