Gazteen kezkak batera saretuz

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2011ko martxoaren 30a

Marasma mugimenduak gazteen kezkak eta beharrak ditu oinarri. «Nork jakingo du, bada, guk baino hobeto, zer behar dugun?». Hori dela eta, gazteen arazoak zein diren jakiteko Marasmako kideek galdetegi bat sortu eta herriko gazteei hainbat gairen inguruan iritzia eskatu diete. «Gazteok ditugun ardurak lantzerako orduan bakoitzak bere aldetik jarduten dugu, arazo asko komunak diren arren. Marasmaren asmoa guztiok elkarrekin lantzea da. Kolektibotasuna bultzatzea, alegia», azaldu du Marasmako kide Hodei Iruretagoienak. «Gazteria oso sakabanatuta dago. Hainbat auzik guztioi eragiten digu, eta horiek elkarrekin lantzeko beharra ikusi dugu Marasmako kideok», nabarmendu du mugimenduko kide Nagore Martinezek. Hala, haiek elkartu eta batzuen ardurak besteenak ere badirela ikusarazi, elkarrekintza sustatu eta indarrak batzea izan da Marasmakoen betebeharra. Behin datuok bilduta, Zarauzko gazteriaren diagnosia osatu dute Marasmako kideek. «Lagin bat hartu dugu galdetegia egiteko. Parekotasuna izan dugu kontuan horretarako», gehitu du Martinezek: «Hainbat soslaidun gazterengana jo dugu, askotariko arazoak identifikatzeko. Finean, arazo komunak ditugula ikusi dugu». Zarauzko gai asko landu dituzte inkesta eta elkarrizketa bidez. Hala, etxebizitza arazoa, ekonomia, aisialdia, harreman ereduak, emakumearen egoera, gazte mugimendua, euskal identitatea, Udalarekiko harremana, eta herri eredua izan dira jorratu dituzten gaiak, besteak beste. «Enplegua, ikasketak eta etxebizitza arazoak kezkatzen ditu gehienbat Zarauzko gazteak», ondorioztatu dute inkesten bidez. Pasa [...]

Marasma mugimenduak gazteen kezkak eta beharrak ditu oinarri. «Nork jakingo du, bada, guk baino hobeto, zer behar dugun?». Hori dela eta, gazteen arazoak zein diren jakiteko Marasmako kideek galdetegi bat sortu eta herriko gazteei hainbat gairen inguruan iritzia eskatu diete. «Gazteok ditugun ardurak lantzerako orduan bakoitzak bere aldetik jarduten dugu, arazo asko komunak diren arren. Marasmaren asmoa guztiok elkarrekin lantzea da. Kolektibotasuna bultzatzea, alegia», azaldu du Marasmako kide Hodei Iruretagoienak. «Gazteria oso sakabanatuta dago. Hainbat auzik guztioi eragiten digu, eta horiek elkarrekin lantzeko beharra ikusi dugu Marasmako kideok», nabarmendu du mugimenduko kide Nagore Martinezek.
Hala, haiek elkartu eta batzuen ardurak besteenak ere badirela ikusarazi, elkarrekintza sustatu eta indarrak batzea izan da Marasmakoen betebeharra. Behin datuok bilduta, Zarauzko gazteriaren diagnosia osatu dute Marasmako kideek. «Lagin bat hartu dugu galdetegia egiteko. Parekotasuna izan dugu kontuan horretarako», gehitu du Martinezek: «Hainbat soslaidun gazterengana jo dugu, askotariko arazoak identifikatzeko. Finean, arazo komunak ditugula ikusi dugu».
Zarauzko gai asko landu dituzte inkesta eta elkarrizketa bidez. Hala, etxebizitza arazoa, ekonomia, aisialdia, harreman ereduak, emakumearen egoera, gazte mugimendua, euskal identitatea, Udalarekiko harremana, eta herri eredua izan dira jorratu dituzten gaiak, besteak beste. «Enplegua, ikasketak eta etxebizitza arazoak kezkatzen ditu gehienbat Zarauzko gazteak», ondorioztatu dute inkesten bidez.
Pasa den larunbatean aurkeztu zuten diagnosiaren emaitza. Festa giroan egin zuten aurkezpena. Lehenbizi kalejira egin zuten Munoa plazatik gaztetxera, eta bertan diagnosia aurkeztu, eztabaida talde txikitan bildu, eta gaiaren inguruan hausnartu ostean, bertso afaria egin zuten. Gaua borobiltzeko, Txato Plato taldeak kontzertua eskaini zuen.

Enplegua, ikasketak, etxea
Enplegua, ikasketak eta etxebizitza, horiek dira Marasmaren diagnostikoaren arabera, Zarauzko gazteen kezka nagusiak. Jasotako informazioaren arabera, egungo hezkuntza sisteman ikasleen hitza ez da kontuan hartzen. Horren adibidetzat jarri dute Bologna prozesua. Datuen arabera, «inposaketa hutsa» izan da. Era berean, herriko gazteek ikasketak lanarekin lotzen dituztela ondorioztatu dute Marasma mugimenduko kideek.
Ekonomiari eta enpleguari dagokionez, inkestak erantzun dituzten herriko gazteek prekarietate egoeran egiten dute lan. «Gazteok prekarietate egoeran bizi gara. Ondorioz, ekonomikoki independente izatea oso zaila egiten zaigu. Familiaren babes ekonomikoak, ordea, gazteon pobrezia estaltzen du», ondorioztatu dute.
Horretaz gain, sistema kapitalistarekiko ikuspegi ezkorra dute. Galdetegian parte hartu dutenek «kapitalismoa arazo ekonomikoen erantzule» gisa identifikatu dute, eta bestelako «alternatiba posible» direla sinesten dute.
Bestalde, etxebizitza arazoaren kontzientzia badute gazteek. «Etxebizitza arazoaren aurrean irtenbide pertsonalak bilatu ohi ditugu.
«Familiaren laguntzak etxebizitza politika sozialaren faltaren eta lan prekarietartearen zuloa betetzen du», nabarmendu dute kideek. Era berean, sarrera ekonomikoak izan arren, burujabe izateko zailtasunak dituztela azaldu dute. «Pribatutasunerako joera bultzatzen da gaur egun, alokairua baztertuz», ondorioztatu dute Marasma mugimenduko kideek .
Etorkizunerako lan tresna
Gazteen iritzia kontuan izanda, beharrak asetzeko bidea irekiko duten ekimenak prestatuko dituzte aurrerantzean. «Eskuartean dugun diagnosia aurrera begirako tresna da, etorkizuneko arazoak identifikatu eta horiei irtenbideak jartzeko», diote.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide