Atzo inauguratu zuten Zarauzko 50 haurren bigarren etxea, haurreskola berria. Hainbat hilabetez lanean jardun ostean, zentro berria prest da dagoeneko. Ildo horretatik, ostegunean bertan 0 urteko 20 ume hartuko ditu, zehazki, eraikinak. Maiatzean, berriz, hamar haur gehituko zaizkie horiei.
Ekitaldian izan ziren Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua, Pedro Luis Rio Espainiako Gobernuaren ordezkariordea, Jon Urien Zarauzko alkatea eta udal ordezkariak, besteak beste.
Familia eta lan mundua bat
Zelaaren arabera, haurreskolei esker, familia eta lan mundua uztartzen dira: «Legealdi hasieratik Ongizate Sailaren helburua haurreskola sarea osatzea izan da, familia eta lan mundua uztartze aldera. Haurreskola ez da luxua, gurasoentzat beharrezko baliabidea baizik. Izan ere, egun guraso askok etxetik kanpo egiten dute lan, eta haurren heziketan lehenengo urratsak emateko zentro paregabeak dira honakoak. Ziur gaude horren erakusle izango dela Zarauzko haurreskola berria».
Riok, berriz, «haurren hezkuntzarako azpiegitura garrantzitsua» izango dela nabarmendu zuen: «Halako zentroetan hasten da haurren izaera egituratzen. Etorkizuneko izaerak heziko dira bertan».
Ildo horretatik, Urienek haurreskola berrian «kalitatezko zerbitzua» eskainiko dutela adierazi zuen: «Kalitatezko gizarte zerbitzuaren lehentasuna berretsi du inaugurazio honek. Ahalik eta zerbitzu onena eskainiko dute bertan, azpiegitura paregabea delako eta haurreskolako langileek lan bikaina egingo dutelako».
Era berean, herrian dagoen eskaera bati erantzungo diola esan zuen: «Azken urteotan jaiotze tasak gora egin du herrian, eta haurreskola berriak eskari horri erantzungo dio; izan ere, 0 eta 2 urte bitarteko 50 haur gehiago hartuko ditu». Haurreskola zaharrak 139 plaza ditu. Obra horri esker, 50 plaza gehiago eskainiko zaizkie herriko familiei. Hala, guztira 0 eta 2 urte bitarteko 189 haurrek izango dute tokia bi eraikinek osatzen dute zentroan. Izan ere, nahiz eta bi eraikuntza izan, zentro berria haurreskola zaharrarekin lotuta egongo da.
Bost gune ditu eraikinak. Horietatik hiru 0 eta 1 urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo dira; bi, berriz, 1 eta 2 urte bitartekoei. Beste hainbat gela ere badu eraikin berriak; 80 metro koadroko erabilera anitzeko egongela, tailerra, biltegia, bulegoa eta lorategia, besteak beste.
E Planaren bidez
Ignacio Quemada arkitektuak zuzendu du proiektua, eta Haurreskolen Patzuergoko ordezkarien eta haurreskolako hezitzaileen eskaerak izan ditu kontuan.
Espainiako Gobernuaren
E Planaren bidez 950.000 euro jaso ditu Zarauzko Udalak haurreskola berriko lanak burutzeko. Lanak amaituta, zentroaren kudeaketa Haurreskolen Patzuergoaren esku izango da aurrerantzean.