EB eta Aralar alderdiak elkarrekin izango dira datozen udal hauteskundeetan. Ildo horretatik, datorren larunbatean, hilaren 2an, aurkeztuko dituzte ordezkariak. «Gure apaltasunetik abiatuta, beharrezkoa dugu orain arteko lanari jarraipena ematea. Zarautzen ezkerra indartuko den esperantza dugu. Hori dela eta, elkarrekin aurkeztuko gara datozen maiatzeko hauteskundeetara», nabarmendu du Aralarreko zinegotzi eta koalizioko bozeramaile Andoni Ibargurenek.
Legealdi amaiera dela-eta, koalizioak lau urteko jardunaren balantzea egin du. Jakinarazi dutenez, EB-Aralarrek hamabi erronka zehaztu zituen legealdirako aurkeztutako programan. «Gogoz hasi genuen legealdia, baina aurrera egin ahala okertzen joan zen. Askotan bakarrik geratu izan gara bozketan. Gure iritzia bestelakoa izan da, eta gehiengoz erabaki dira auzi gehienak», nabarmendu du EBko zinegotzi Ubaldo Ortizek.
Hala ere, euren «txikitasunetik» lortutakoa «pozgarria» dela adierazi du Aralarreko zinegotzi eta koalizioko bozeramaile Andoni Ibargurenek: «Hogei zinegotzitik EB-Aralarrekoak hiru soilik garela kontuan izanda, gure txikitasunetik lortutakoa aipagarria dela deritzot».
Zenbait helburu beteta
Etxebizitzen auziari dagokionez, helburuak ez direla guztiz bete azaldu dute: «Asmoa etxebizitza babestuak sustatzea zen, epe batzuren baitan. Etxebizitzok eraikiko direla aurreikusi da, baina ez dira ezarritako epeak bete. Huts handia izan da hori», azaldu du Ortizek.
Bestalde, herritarren partaidetzan aurrerapausoak eman direla gaineratu zuen: «Lehenengo aldiz bidegorriaren, TAOren eta beste hainbat proiekturen inguruan herri kontsultak egitea lortu dugu». Hala gertatu da, baita ere, berdintasun alorrean, garraiobideen sailean, immigrazio alorrean eta iraunkortasunari dagokionez. Hala ere, beste hainbat erronka «zintzilik» geratu dela azaldu dute, zentro gerontologikoa, esaterako.