Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
"Trena eremu ederrenetan turismoa egiteko garraio iraunkorra" izan dadin, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak Gipuzkoako kosta trenez gida argitaratu du. Urola Kosta eskualdea hartzen du Gipuzkoako kosta zeharkatzen duen liburuxkak, Debabarrena eta Donostialdearekin batera.
Egitasmo honen bidez Euskotreneko zerbitzuak indartu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak; "trenak euskarri publikoa izan dezan pertsona guztientzako kalitatezko garraioa izan behar du", adierazi zuen Mikel Diez Eusko Jaurlaritzako Garraio zuzendariak atzo Zarautzen egin zuen agerraldian.
Gida argitaratzeaz gain, Diezek jakinarazi du datozen hilabetetan Euskotreneko ibilgailu berriak lanean hasiko dira. Sailburuaren arabera, tren horiek azken teknologiak dituzte, eta horrek zerbitzuaren kalitatea bera hobetuko du. Horrez gain, trena "garraio iraunkorra" izateko asmoz, zenbait arlotan lanean ari direla azpimarratu du Diezek: besteak beste, zerbitzuak maiztasun handiagoa izateko, geltoki gehiago eraikitzeko eta trena "ibilgailu pribatuen alternatiba" izateko inbersioak egiten direla adierazi du.
Liburuxkari dagokionez, berriz, Gipuzkoako kostan trenak egiten dituen geldiuneak kontutan hartuta, bederatzi puntutan banatu dute aurkeztu berri duten Gipuzkoako Kostaldea Trenez ekimena, eta horietako bost puntu Urola Kostak hartzen ditu. Donostiatik Mendarora bidean, Orio Ibarrako, Orio herriguneko, Zarauzko, Zumaiako eta Zuamaia eta Deba arteko eremuko inguruko informazioa eskaintzen du horrek, eta leku horietako puntu erkargarrienak izan daitezkeenak azpimarratzen ditu.