Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
"Ezustekoz" iritsi ziren Aritz Lertxundi eta Aimar Galarraga oriotarrak Gipuzkoako Trinkete Txapelketara, eta "ezustekoz" irabazi zuten joan zen larunbateko partida bi gazteek. Bigarren mailako jokalariek Iruran (Gipuzkoa) jokatu zuten norgehiagokan 40-31 egin bazuten ere, bikoteak "partida gogorra" izan zela aitortu du.
Partida ez ezik, aurkariak ere halakoak izan direla uste dute gazteek; "ez genuen partida irabaztea espero. Aurkariak oso gogorra dira, eta beldur pixkat bagenuen". Galtzen hasi zuten norgehiagoka oriotarrek, eta Aitor Odriozola eta Antton Aranburu aurkariek hamar tantoren aldea atera zieten. "Lasai" jarraitu zuten, ordea, Galarragak eta Lertxundik, eta pixkanaka markagailuari buelta eman zieten; tantoz tanto parekatzen hasi ziren, eta azkenean bederatzi tantoren aldea atera zieten. Gainera, bikoteak herritarren babesa ere izan zuen orduan, Orioko zenbait gazte Irurara joan baitziren bi herritarrei animoak ematera.
"Asko sufrituta" irabazi dute partida, eta beharbada horregatik "oso gustura" itzuli dira herrira. Hurrengo urtean, gainera, lehenengo mailan jokatuko dute gazteek, finalean sailkatzen diren bi bikotek mailaz igotzeko txartela lortzen baitute. Hori hala, oraingo helburua "lehenengo mailan mantentzea" dela adierazi du Aimar Galarragak.