Espainiako Auzitegi Gorena Sortu alderdiaren legeztatzearen aurka azaldu da. Aurreko kasuetan ez bezala, gehiengoz erabaki du, hiru epailek aurkako boto partikularra eman baitute. Auzitegi ak Sortu ezker abertzaleko aurreko alderdien jarraipena dela argudiatu du. Eskualdeko ezker abertzaleko, EAko, Aralarreko, EAJko eta EBko ordezkariek, esaterako, desadostasuna agertu dute. Haien esanetan, Sortuk maiatzeko hauteskundeetan presente beharko luke egon, «legeak dioena bete baitu». Era berean, erabakiak oinarri politikoa izan duela bat etorri dira. PSE-EE eta PP alderdietako ordezkariek, berriz, Sortuk ETArekin duen lotura ez duela «guztiz apurtu» diote.
Inkesta: 1-Zein iritzi duzu Espainiako Auzitegi Gorenak Sorturi buruz hartutako erabakiaren inguruan? 2-Zer-nola eragingo du erabaki horrek hauteskundeetan?
Joseba Alberdi (Ezker abertzaleko zinegotzia Zestoan): 1.-«Erabaki politiko larri baten aurrean gaude. Espainiako Estatuak lehen sinesgarritasun gutxi zuen, eta orain are gutxiago. Ezker abertzaleak egin du urratsa, eta Espainiak ez du oraingoz behintzat pauso hori eman nahi».
2.- «Era batera edo bestera, ezker abertzalea egongo da hauteskundeetan, konfiantza osoa dugu horretan, eta herritarrek hitz egingo dute»
Iñaki Agirrezabalaga (Zumaiako EAko alkatea): 1.- «EAk beti adierazi izan du proiektu politikoek, edozein direlarik ere, gauzatzeko aukera izan behar dutela. Lege eskakizun guztiak bete ditu Sortuk, eta ondorioz, hauteskundeetan presente beharko luke egon».
2. «Hori zen Sortuk bilatzen zuena, hauteskundeetan aldaketak egitea. Espero dugu hauteskundeen emaitza gizartearen isla izatea».
Urola Kostako Aralar alderdia: «Gure haserrea eta ezadostasuna agertu nahi dugu Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren aurrean. Beste behin atea ixten zaio herri honek aldarrikatzen duen eta inoiz baino hurbilago dugun bake bideari. Horrek Espainiako botere judizialean independentziarik ez dagoela agerian uzten du. Demokraziaren kontrako eraso baten aurrean gaude».
Asier Aranbarri (Azkoitiko EAJko alkatea): 1.«Zentzu juridikorik ez diot aurkitzen Gorenaren ebazpenari. Ziur naiz hark baimendu egingo duela alderdi berria, baina hauteskundeen ondoren izango da hori. Argi dago erabakiak oinarri politikoa izan duela, tristea da».
2.«Aukera guztiak hauteskundeetan egoteko bideak jorratu behar dira, eta ezker abertzale tradizionalak bere kabuz aurkezterik ez badu, beste bide batzuen bitartez egitea garrantzitsua da».
Ubaldo Ortiz (Zaruzko EB-Ezker Batuko zinegotzia): 1.«Gure ustez, Sortu legeztatu beharko litzateke, nahiko arrazoi badaude behintzat horretarako. Legeak oztopoak jarri arren, eta nahiz eta behar baino beranduago izan, alderdia hauteskundeetan egongo da».
2.«Legez kanpo ez geratu izana litzateke onena, alderdi guztiak legalak izatea, alegia. Hala ere, hauteskundeetan presente egongo da, ezker abertzalea izan edo Sortu izan».
Jon Urien (Zarauzko Hamaikabateko alkatea): 1.«Pena da. Izan ere, aukera genuen Euskal Herrian politika normalizatzeko. Horrela, ordea, ez dugu lortuko. Gerora agian legeztatuko dute Sortu; oraingoz ezinezkoa da».
2.«Gorenaren erabakiak eragin zuzena izango du maiatzeko hauteskundeetan. Ezin daiteke jakin zer gertatuko den baina ezker abertzalea EArekin elkartzen bada ez da gauza bera izango. Bakoitza bere aldetik aurkeztu ahal izatea izango litzateke egokiena».
Patxi Elola (Zarauzko PSE-EEko zinegotzia):
1.«Egokitzat jotzen dut Gorenaren erabakia, Sortu Batasunaren jarraipena baita. Nahiz eta aurrerapausoak eman, Ez da ETArengandik bereizi, ez du argi esan, behinik behin».
2.«PSE-EEri ez dio eragingo Sortu hauteskundeetan ez egoteak. Nire iritziz, Sortuk benetako apustua beharko luke egin eta ETArengandik bereizi dela frogatu. Kasu horretan, udal lanetan aritzeko zilegitasuna izango luke».
Rafa Olaizola (Zarauzko PPko zinegotzia):
1.«Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakia baikorra dela deritzogu. Argi dago ETA hor dagoela, ETA existitzen dela. Desagertzen ez den bitartean, halako gertakizunak jazoko dira behin eta berriz. Hala ere, pozgarria da ETA desagerpenaren aldeko pausoak eman direla jakitea».
2.«Sortu hauteskundeetan egon ala ez, herritarrek demokratikoki aukera dute talde abertzaleen aldeko bozka emateko».