Antillako hondartza garbitzeko deia egin du Surf Taldeak

Karkara.eus 2011ko martxoaren 24a

Hitzordua martxoaren 26an, larunbatean, izango da 11:00etan

Orioko Surf Taldeak Surfrider Foundation talde ekologistaren deiarekin bat eginez, martxoaren 26an, igandean,11:00etatik aurrera, Antillako hondartza garbitzera joateko gonbita egin nahi die...

Hitzordua martxoaren 26an, larunbatean, izango da 11:00etan

Orioko Surf Taldeak Surfrider Foundation talde ekologistaren deiarekin bat eginez, martxoaren 26an, igandean,11:00etatik aurrera, Antillako hondartza garbitzera joateko gonbita egin nahi diete oriotarrei.

Badira urte batzuk, udaberri hasieran, garbiketa eguna egiten dutela, izan ere, mundu mailako deialdia izaten da eta hondartzak ez ezik laku eta ibai ertzak ere garbitzen dituzte. Orioko Surf Taldearen esanetan, Frantzian, esaterako, indar handia du ekintza honek. Euskal herrian pixkanaka nahikoa indar hartzen ari den ekimen honekin bat egin izan du beti Orioko Surf Taldeak eta gainera Herrio Natur Taldekoek ere bat egin dute.

Herritarrak zabor poltsa eskuan gerturatzea eskatu dute denen artean hondartza ahalik eta txukunen uzteko. Garrantzitsua da egun horretan egiten den garbiketa lana baina are eta garrantzitsuagoa da ekimen honekin lortzen den sentsibilizazioa, diote Orioko Surf Taldetik: Mundu osoan eta egun berean, milaka pertsona hondartzak garbitzeko elkartuta, ekintza honek oihartzuna izan dezan lortu nahi dugu. Jendea konturatu behar da ingurugiroa zaindu beharreko altxorra dugula. Guztiok ditugu gustuko argazkietako hondartza garbi eta liluragarriak, guztiok amorratzen gaitu hondartza zikin batean egoteak, eta guztion esku dago gure hondartza, laku eta ibaiak zaintzea.

Lanak hondartza garbi batean egoteko aukera ez ezik izango du beste ordainik, izan ere, bukatutakoan, hamaiketakoa izango da zabor bilketan aritutako guztientzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide