Getariako saregileek eguneroko lanerako egoitza lortu dute, azken urteetan hainbat eskaera egin eta gero. Orain arte, eguraldi ona eginez gero, langileak moilan jardun izan dute lanean. Euria egiten duen egunetan, ordea, karpa bat jarri edota kofradiarena den egoitza bat erabiltzen dute. Aurrerantzean aterpe propioa izango dute horretarako.
Datorren astelehenean, hilak 28an, emango diote erabilpen berria orain arte hutsik zegoen lokal bati. Langileek gustura hartu dute berria, erraztasun eta abantaila asko izango baitute: “Aterpe bat izateak segurtasun bat ematen digu guztioi. Ordutegi aldetik ere malgutasun bat ematen digu horrek; bestalde, eguzkiak osasuean sortzen dizkigun gaixotasunak ere saihestuko ditugu. Pauso garrantzitsua dela uste dugu”, dio Lourdes Etxeberria herriko saregiletako batek. Egun, 24 saregile daude herrian, eta horiek San Anton azpian edukiko dute lantokia.
Duela lau urte inguru saregileek elkartea sortu zuten, indarrak batzeko asmoz. Saregileak euren lana behar bezala aitortua izatea nahi dute, eta horretarako lanean ari dira azken urteetan. Elkartea sortu zutenetik, “gauzak lortzen” ari direla adierazi du saregileak; “besteak beste, lanerako toldoak lortu ditugu, eta diru-laguntza batzuk ere jaso ditugu. Arrantzaleek, esaterako, langabezia saria jasotzen dute, baina guk ez dugu halakorik”.
Aurrerapenak aurrerapean, oraindik «ahaztuta» daudela sentitzen dira. Hori hala, erakundeei beraien lan baldintzak bermatzeko eskatzen diete. “Gaixotasun ugari izaten ditugu: gerriko eta bizkarreko minak, azaleko gaixotasunak, baina horiek ez daude behar bezala aitortuta. Horretarako langile kualifikatuak izan behar dugu, eta, beraz, titulu hori lortzeko ikastaro bat egingo dugu hurrengo hilean”.
Saregileetako askok urteak daramatzate lan horretan, eta euren egoera “ezagutara eramatea” eskatzen dute: “Askok ez dakite gure eguneroko benetako egoera zein den. Lana ez da finkoa, ez dugu izaten hileroko soldatarik, eta ezin dugu jakin noiz izango dugun lana eta noiz ez”.