Orioko Bariko San Nikolas parrokia leporaino bete zen atzo iluntzean, Amaia Azkue zenari azken agurra eman baitzioten senideek, ingurukoek eta lagunek jaioterrian. Guztien samina eta dolua izan zen nagusi, eta txiki geratu zen herriko parrokia, senitartekoak eta ingurukoak ez ezik, ehunka herritar gerturatu baitzen Azkueren hileta elizkizunera.
Hileta 19:00etan hasi zen, eta ordurako herritarrak hasiak
ziren hurbiltzen. Zazpiak punturako goraino zegoen eliz ataria. Dena den, kazetariek eta argazkilariek ezin izan zuten horren irudirik jaso. Izan ere, udaltzainek pasabidea galarazi zieten, eta elizatik urrun egotera behartu, «senitartekoek hala eskatu» zutela argudiatuta.
Auzia, sekretupean
Artean, Ertzaintzak Azkueren hilketa ikertzen jarraitzen du. Gertaera sekretupean ari dira aztertzen ertzainak, eta oraindik ez dute inor atxilotu. Dena den, Azkueren gorpua familiari ematea baimendu zuen herenegun kasuaren gaineko ardura duen epaitegiak, hilketa gertatu eta sei egunera.
Joan zen asteazkenean aurkitu zuten 39 urteko emakumearen hilotza Azpeitiko Ibaieder urtegian, eskuak eta hankak lotuta zituela. Herrizaingo Sailak emakumea buruko kolpeengatik hil zela ondorioztatu du, autopsia egin eta gero. Joan zen ostiralean Azkueren autoa aurkitu zuten, Azpeitiko Loiola auzoko trenbide alboko aparkalekuan, eta bertako «aztarnak ikertzen» ari da Polizia. Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako herrizaingo sailburuak adierazi du, lehen hipotesiaren arabera, Azkue hiltzeko arrazoia «lapurreta» izan zitekeela. Dena den, beste «aukera guztiak zabalik» daudela aitortu du.
Froga bila
Hainbat hedabidek jakinarazi duenez, Ertzaintza Azpeitia eta Zarauzko errepideetan, lantegietan eta saltokietan dauden segurtasun kamerak arakatzen ari da. Horrez gain, biktimak eta hiltzaileak Zarauztik Loiolara ustez egin zuten ibilbidearen jarraipena egiten ari da Ertzaintza.
Iturri horien arabera, hainbat lekukok Azpeitiko Aratz-Erreka auzoan «ibilgailu barruko objektu batzuk» desegin zituen «pertsona susmagarri bat» ikusi
zuten hilketa gertatu zen egunean.