Zestoako TS Fundiciones-eko langileek greba mugagabea hasi dute gaur goizean. Lantegiaren kanpoaldean bildu da lan taldea euren aldarrikapenak elkartuta egin asmoz. ELA eta LAB sindikatuek adierazi dutenez, “gauzak behingoz argitu eta behar bezala lan egiten hastea nahi dugu baina konpondu ezean, indartsu gaude eta ez dugu etsiko”.
Lantegiaren zuzendaritzak urteko lan jardunaldia 104 ordutan gehitu nahi duela salatu dute sindikatuek. Modu horretan, lurraldeko lan hitzarmenak ezartzen dituen 1.697 orduekin parekatuko litzateke langileen jarduera. Bestalde, enpresak 2009-2010eko lan hitzarmenean finkatu ziren joan-etorriengatiko dietak ez dituela ordaintzen ere jakinarazi dute langileen ordezkariek. Enpresak aipatu lan hitzarmenean ezarritako 30 eguneko oporraldia eta horien ordainketak betetzeko asmorik ez duela ere adierazi dute ELAk eta LABk. Azken bi puntu hauek auzibidean jarri dituztela jakinarazi dute.
Azkenik, sindikatuen iritziz, enpresak ezarritako Lana Erregulatzeko Txostenaren ondorioz kaleratutako langileen eskubideak murriztu egin dira, ordaindu behar zizkieten urteko 10 egunak ez baitizkiete ordaindu. “Ez dauka ez hankarik ez bururik, kaleratutako langileak berriro hartzeari ateak ixten ari dira eta etorkizunean jende gehiago kaleratzeko arriskua dago”, diote ELA eta LAB sindikatuetako delegatuak. “Ez dugu onartuko krisiaren aitzakian eta gure izenean kaleratuei ateak ixtea”, erantsi dute.
Datozen mobilizazioak
Greba mugagabeak irauten duen bitartean, langileak lantokiaren aurrean elkartuko dira egunero 08:00etatik 12:00etara. Gainera, ostiralean (martxoaren 25ean) Urola Kostako herrietatik zehar autoekin karabana egingo dutela aurreratu dute.