Urola Kostako surf elkarteek Surfrider Foundation taldearen Beach Preservation ekimenarekin bat egingo dute. Urtero legez, elkarte ekologistak nazioarteko hondartzak, ibaiak eta lakuak garbitzeko deialdia egiten du. Helburua gune naturalon balio ekologikoa aldarrikatzea da, eta haiek babestea eta berreskuratzea.
Taldearen esanetan, eremuotan giza jarduera areagotzen den heinean, horiek babesteko beharra nabarmentzen da. Ildo horretatik, deialdiarekin bat egingo dute Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako surflariek zein herritarrek. «Guztiok ditugu gustoko argazkietako hondartza garbi eta paradisukoak, guztiok amorratzen gaitu hondartza zikin batean egoteak. Hori dela eta, denon esku dago horiek zaintzea», nabarmendu dute OST Orioko Surf Taldeko kideek: «Jendeak ingurugiroa babestu beharreko altxorra dela barneratu behar du».
Getariako Gaztetape Surf Elkarteak, zehazki, larunbatean egingo du hondartza garbiketa, 10:00etatik aurrera. Amaitzean, hamaiketakoa egingo dute parte-hartzaileek. 11:00etan hasiko dira Orio Surf Taldeko kideak Orioko Natur taldekoekin batera Antilla hondartza garbitzen. Horiek ere hamaiketakoa egingo dute bukatzean.
ZSE Zarauzko Surf Elkarteak eta ZISKE Zumaia Itzurun Surf Kirol Elkarteak, berriz, ez dute garbiketa egiteko datarik zehaztu oraindik.
30 lagun elkarlanean
Gaztetape elkarteko Ibon Udabek jakinarazi duenez,urtero pare bat kontainer bete «zikinkeria» biltzen dituzte garbiketan parte hartzen duten herritarrek. «Orokorrean egurrezko eta plastikozko objektuak jasotzen ditugu, bereizita» nabarmendu du.
Guztira, 30 bat lagun biltzen dira Gaztetapen urtero, eta bi ordutan hondartza osoa garbitzen dute. «Haurrak zein helduak elkartzen gara. Normalean, eskolan eskuorriak banatzen ditugu ekimenaren garrantziaren berri haurrei emateko, eta nazioarteko ekimenarekin bat egitera gonbidatzeko», esan du Gaztetape Surf Elkarteko kideak.
Oro har, herritarrak «oso sentsibilizatuta» daudela gehitu du Udabek: «Jendea parte hartzeko prest dago, kontzientziatuta dago oso».
«Ez dago hain zikina»
Udaberen arabera, egun hondartza ez dago «hain zikina». «Zaborra egon badago, baina aurreko urteetan baino garbixeago dago Gaztetape. Sentsibilizazioa dela-eta, jendeak arduratsuago jokatu tzen du orain», esan du.